Bost lagun atxilotu dituzte Astrabuduan aparkatutako hiru kamioietako gasolioa lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 21a, 21:00
Erandioko ertzain etxeko agenteek lau gizon eta emakume bat atxilotu zituzten atzo, asteazkena, gaueko ordu txikietan, indarra erabilita lapurreta egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Polizia iturriek diotenez, gaueko hamabiak jo baino minutu gutxi lehenago jazo ziren gertaerak, Astrabuduako metro geltokiko aparkalekuan. Hainbat herritarrek ohartarazita, bertartu ziren polizia agenteek hiru kamioiren erregai ontzietako tapoien sarrailak indarrez irekita zeudela egiaztatu zuten. Horrez gain, inguruan, barruan bost pertsona zituen auto baten maletategia erdi-irekita zegoela ikusi zuten agenteek, bertsio horren arabera. Horren barruan, kanpotik soka baten bidez itxita zegoen maletategian, hogeita bosna litroko bost ontzi aurkitu zituzten, dirudienez kamioi horien erregai ontzietatik hartutako gasolioz beteta. Horren guztiaren aurrean, ibilgailuaren barruan zeuden bost pertsona horiek (Burgoseko bizilagunak diren lau gizonezko eta Santurtzin bizi den emakumezko bat dira, eta 17 eta 34 urte artean dituzte) atxilotu zituzten, indarra erabiliz lapurreta delitua egitea leporatuta. Argazkian, hainbat ertzain auto, artxiboko irudi batean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun