SIPVS sindikatuaren arabera, pasa den udan metroan gertaturikoa kontu ezaguna zen metroko langileen artean eta sindikatuak salatzekotan egon ziren, baina azkenean baztertu zuten enpresak eragindako presioak zirela eta.
ELA eta UGT sindikatuek, berriz, segurtasun enpresen lana eta zaindariak kontrola ditzan eskatu diote Metro Bilbaori: "enpresa honek segurtasun arloan egiten duena aurrestea da. Nahiz eta merkatuan jende gehiagorik ez dagoela esan. Gezurra da. Orain metroan jende merkea dago", adierazi dio "Deia"ri Jose Ignacio Torres UGTko ordezkariak ELAk ere, arlo horretan diru gehiago bideratzea eskatu du, "kalitatezko" zerbitzua egongo bada.
Salatzailearen aurka
Salatutakoa guztiz faltsua dela esan du EHUko Leioa eta Erandioko campusean langile eta ikasleen protesten aurka oldartzeagatik ezaguna egin zen Prosetecnisa enpresak. Horretaz gain, mezulariaren aurka jo du, Fidel Gomez Prosetecnisako langile ohia dela gogoratuz eta berak eginiko "guztiz neurriz kanpoko lan eta ekonomia eskaera pertsonalak" ez betetzeagatik orain "gorrotoak jota" enpresaren aurka jarduten duela esanez. Gainera, enpresaren aburuz, Gomezek bere gain hartu du SIPVS sindikatuaren ordezkaritza, Kataluniako zentral sindikala dena eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan "inolako ordezkaritzarik ez duena". Horregatik, "enpresaren eta Metro Bilbaoren irudi ona kaltetzea helburu" duen salaketa gaitzetsi eta auzitegietara jotzeko aukera aztertuko du. Bestalde, "Metro Bilbaok eskatzen dituen kontratazio baldintza zorrotzak" ezagutu eta betetzen dituela dio enpresak.
Metro Bilbaok ere prentsa oharra kaleratu zuen atzo, Prosetecnisa enpresaren oso antzekoa hainbat puntutan. Julio Ibarra komunikazio arduradunak jakinarazi duenez, "dagoeneko Metro Bilbaok etengabeko hobekuntza programaren barruan ikerketa abiatu du".