Otsaileko bigarren asteburuan Nerea Abrego eta Raul Amatriain atletak arrotz sentiarazi dituzte Euskal Herrian. EAEko Atletismo Federazioak Euskal Herriko barne mugak sendotuz, atleta biak podiumetik kanpo utzi zituen nafarrak izateagatik. Garaikur moduan Euskal Herriko forma duen eta Euskadi eta Euskal Herriko Kros Laburraren Txapelketa deiturikoan, izena zein garaikurra eta izana ez datoz bat.
Euskal kirolariek eta herritarrok gure herriak dituen barne mugak pairatzen ditugu uneoro. EAEko kirol federazio gehienek muga horiek ondo markatu eta sendotzeko lana burutzen dute, eta ez dute euren autonomia gainditzeko inolako borondaterik. Barne muga horiek gainditzen dituztela adierazteko, nahikoa dute noizbehinka kutsu folklorikoa duen edozelako ekimen antolatzea. Baina horrek ez du eguneroko errealitatea aldatzen, hau da, EAEko Kirol Federazio gehienek Euskal Herriaren zatiketa gainditzeko borondaterik ez dutela eta barne mugak sendotzeko tresna paregabeak direla.
Euskal Herriko kirolariak erabat baldintzatzen dituen errealitate hori aldatzeko Euskal Herriko Federazio Nazionalak eratzea beste biderik ez dago. EAEko Kirol Federazioek ez dute horretarako asmorik erakutsi, eta nahiago dute, Euskal Herriko barne mugak sendotuz, Espainiako Autonomia Erkidego bateko Kirol Federazioak kudeatu. Horretaz gain, euren kontrolpean ez dauden zenbait ekimen zapuzten aritu dira azken urteotan.
Zorionez, Euskal Herriko barne mugak apurtzeko ahaleginean dauden kirolari eta herritar zintzoak badaude. Kirolean muga horiek apurtu eta Federazio Nazionalak sortzeko hamaika ekimen bideratu daitezke: Ikastolen arteko Euskal Herriko Txapelketak, Kluben arteko Euskal Herriko Txapelketak, Euskal Herriko Kluben arteko elkar laguntzak (jakintza, azpiegitura...), kirol epaileen Euskal Herriko elkarteak, eta abar. Ekimen horiek ez ditugu egun batetik bestera sortuko, eta, jakina, horrek ez du esan nahi klub eta elkarteek gaur egunean lehiatzen diren txapelketei muzin egin behar dietenik. Baina kirolean Euskal Herriko barne mugak gainditu eta Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortzeko eman ditzakegun pauso zintzoak dira. Kirol elkarte, ikastetxe, federazio eta abar osatzen dugun pertsonek, ekimen horiek gorpuzten ditugun heinean, Euskal Herriko barne mugak apurtzeaz gain Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortzeko beharra areagotuko dugu.
Kirolean ere Euskal Herriko barne mugak sendotzeko ahaleginak salatu eta muga horiek apurtzeko ekimenak burutu behar ditugu. Duela bi hilabete Bilboko kaleetan ikusi genuen bezala, babesik ez zaigu faltako.
Aratz Gallastegi errugbilari ohiak atzo "Berria"n argitaratutako artikulua