Pasa den astelehenean abiatutako autogestio astea bihar, larunbata, amaituko du Getxo udalerriko Itzubaltzeta / Romo herriko
Itzubaltzeta gaztetxeak. Gazte zentro autogestionatuak goizeko 11etan zabalduko du bihar artisau azoka, ondoan astelehenetik irekita dagoen herridenda ondoan izango duela. Artisau azokan herriko hainbat artista gazteen lanak ikusi eta erosi ahal izango dira eta herridendan berriz, eskualdeko hainbat eragileen materiala eskuratu, tartean HNT, Ez Jaun Ez Jabe, Segi, IA, Askatasuna edota gaztetxearena berarena. Iluntzeko 9etatik aurrera, berriz, kontzertua abiatuko dute, Josu Distorsion y los del Puente Romano banda mitikoarekin eta baita Extorsion eta Atadxs a Nada taldeekin ere. Sarrera gaztetxearen atean bertan erosi ahal izango da, hiru eurotan. Gaur, ostirala, berriz, Beñat eta Peru Vidal, Itxaso Paya eta Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideek abestuko dute 22:00etatik aurrera egingo den bertso-afarian. Sarrera bost eurotan jaso daiteke. Bestalde, Leioako Txakurzulo Gazte Asanbladak aisialdi alternatibak eman nahian, gaur 18:00etatik aurrera autogestioari buruzko mahai-ingurua, luntxa eta kontzertua aurrera eramango ditu Udondo gaztetxean. Taldeak Fission Boyz eta Mata Ratas izango dira.