Getxoko
Txorimalo gaztetxeak atzo jakitera eman zuenez, lapurreta izan zen herenegun gauean aipatu gazte zentro sozial autogestionatuan. Gazteek zabaldu dutenez lapurrek "sukaldeko leihotik sartu eta bertan zeuden bideo kamera, dvd eta bi motxila" desagerrarazi egin zituzten. Gaur berriz, lapur ezezagunek areto batean esbastika bat (argazkian, gazteek ezabatua) margotu zutela salatu dute Algortako Gazte Asanbladako kideek, gaztetxea gelaz gela aztertu ostean. Ez da lehenengo aldia gaztetxean hainbat objektu desagertzen duenik, baina bai horrelako pintaketak agertzen direla. Izan ere, pasa den uztailaren 24ko gauean atea bortxatu, dena hankaz gora jarri eta diru kopuru txiki bat eta zenbait lanabes eraman zuten hainbat ezezagunek, hurrengo egunean gaztetxeak jakinarazi zuenez. Dena den, garai horretan, bestelako susmoak ere agertu zituzten gazteek: "auskalo zein izan den ebasle hauen intentzioa". 2006ko abenduaren 4an, berriz,
gaztetxeari begira zegoen bideozaintza kamera bat topatu zuten Txorimalokoek. Kamera auto baten barruan ezkutatuta zegoen.