Antena Ez elkarteak manifestazioa deitu du igande honetarako, otsailak 24, eguerdiko 12etan, Areetako Eskoletako plazatik abiatuta. Izan ere,
Getxoko Udalak herri horretako Paulino Mendibil eta Andres Larrazabal kaleen artean jarritako telefonia antenaren gaineko auzia konpontzeko "benetako borondaterik ez" duela uste du kolektiboak. Egun
zigilatuta dago antena horretako erregistro-kutxa, geldirik beraz. Alabaina, neurria "orduz kanpokotzat" jotzen dute
Antena Ez elkartekoek: "Modu ilegalean jarri zuten 2007ko abenduaren 11an azpiegitura, Udalbatzarrak udalerrian antenak jartzeko baimenak emateari utzi eta denbora baterako luzamendua ezartzea aho batez onartu eta gutxira. Alkateak eta udal gobernuak hori bete zein ez betetzeko zilegitasuna badute, kalera ateratzea baino ez zaigu gelditzen euren jarrera birpentsatu dezatela eskatzeko", azaldu dute. Argazkian, antenen aurkako kartelak Paulino Mendibil kaleko etxebizitzetako leihoetan / Antena Ez.