Asteartean (otsailak 19) abiatu zen Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketa, Igorren, Ipar Uribe eta Arratia arteko norgehiagokarekin. Eta hurrengo egunean izan zen bigarren saioa Busturialdeko Arratzun, tokiko eta Durangaldeko ordezkarien artean. Bizkaiko Bertsolari Elkarteak azaldutakoaren arabera, sariketa honetan parte hartzen duten 6 taldeak, 3 taldeko multzo bitan banatzen dira eta liga bat jokatzen dute haien artean. Horrenbestez, oraintxu Ipar Uribe buru den taldean Lea Artibairi falta zaio bakarrik lehian hastea. Beste multzoan, berriz, etxekoek irabazi zuten Arratzuko saioa, oraindik Bilboaldea jokatu barik dagoela. Talde bakoitzak saio bitan kantatzen du, bata “etxean” (euren eskualdeko ikastetxe batean) eta bestea “kanpoan”. Horrenbestez, otsailaren 29an, ostiralarekin, izango dute ligaxkako bigarren eta azken saioa Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria, 18 urte arteko kategorian; eta Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itxaso Paya 19 eta 24 urte bitartekoetan, Derio Txorierri BHI institutuan, 12:15ean. Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren 14an jokatuko den finalean egon ahal izateko, bigarren puntua erdiestea izango da seion helburua.
Igorreko saioa
Joan den asteartean, Igorreko institutuko aretoa bete-bete egin zuten ehun bat lagunek, Arratiko eta Ipar Uribeko taldeen arteko saioa ikusteko. "Norgehiagoka maila handikoa izan zen, puntuazioak erakusten duen moduan (Ipar Uribek 423 puntu eta Arratiak 383,5 puntu) eta ikusleek oso ondo pasatu zuten", Bizkaiko Bertsolari Elkarteak adierazi duenez.
