7 Katu gaztetxea babestera deitu dute Itzubaltzeta eta Txorimalo gaztetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 22a, 23:16
7 Katu gaztetxearen alde bihar, larunbata, 20:00etan Bilboko Plaza Zirkularretik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin dute Getxoko Txorimalo gaztetxeak eta Itzubaltzetako gazte zentro sozial autogestionatuak. Izan ere, pasa den astelehenean goizean Bilboko udaltzainek eta ertzainek Bilboko Zazpi Kaleetako 7 Katu gaztetxea desalojatu zuten. Ondorioz, "zaurituak izan ziren eta gazte bat ospitalera joan behar izan zen burua apurtu baitzioten", Itzubaltzetakoek gogoratu dutenez. Gainera, goiz osoan zehar zazpi gazte identifikatu zituzten. Arratsaldean, berriz, manifestazio jendetsu baten ostean "gazte batzuk gaztetxean sartu eta gaztetxea berreskuratu zuten auzoarentzat". Bilbotarrek "mehatxu guztien gainetik auzoak behar dituen beharrak asetzeko, gaztetxea defendatzen jarraituko" dutela iragarri dute eta "desalojoaren aurka eta gaztetxearen alde" hainbat mobilizazio deitu dituzte, tartean biharkoa. Bestalde, Uribe Kostako gaztetxeak gogoratu dutenez, Olabeaga gaztetxea ere husteko agindua jaso du eta datorren asteazkenetik aurrera sartuko da indarrean. Argazkian, 7 Katuren alde atzo Solokoetxen emandako prentsaurrekoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun