Jon Sustatxa eta Felix Gonzalo Espainiako Kongresu eta Senaturako Ezker Batuko hautagai bizkaitarrek "konpromiso etikoa" hartzea eskatu diete talde politiko guztiei, "proposamen erreal eta zintzoetan oinarritutako hauteskunde kanpaina sustatzeko". Halaber, "iritzi-ugaritasuna onartzea" galdegin diete. Leioan arratsaldean egindako propaganda banaketan egin dituzte adierazpenak alderdi federalistako ordezkariek. Biek ala biek "PSOEk eta PPk inposatu nahi duten alderdibitasuna" kritikatu dute; "beste ahots politiko izateak ukatu egiten duen jarrera" alegia. Sustatxa eta Gonzaloren hitzetan, batzuek zein besteek "euren aholkulariek asmatutako proposamenak zabaltzen dabiltza herritarrak engainatzeko, guztiok dakigunean ez dutela horiek betetzeko asmorik". Hori dela eta, PSOEk eta PPk "hauteskunde showa" egiten dabiltzala kritikatu dute. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusia, Ana Telleria Bizkaiko batzarkidea, Jon Sustatxa Kongresurako hautagaia, Felix Gonzalo Senaturakoa eta Julia Madrazo Bilboko zinegotzia, atzoko hauteskunde hasiera ekitaldian.