Iñaki Goirizelaia: "metroaren 6. linea"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 24a, 21:51

Txorierriko eskualdeak, biztanle asko eta enpresa ugari ditu. Zamudion eta Derion dagoen Bizkaiko Parke Teknologikoak ez dio hedatzeari utzi azken urteetan. Urtetik urtera bidaiari gehiago hartzen da Loiuko aireportuan. Duela gutxi ezagutarazi dira metroa Bilbo eta inguruko herrietara zabaltzeko proiektuak. Proiektu garrantzitsuak dira, metropoliko biztanleen mugikortasuna erraztuko dutelako, eta lurraldearen garapenean lagunduko dutelako. Hain zuzen ere, garapen hori iraunkorra izan dadin lagunduko dute. Uribe Kosta, itsasadarreko bi ertzak, Bilboko kanpoaldeko auzoak eta Basauri eta Galdakao herriak euren artean ondo komunikatuta geratuko dira; eta hiritarren bizi mailan hobekuntza nabarmena eragingo du horrek.

Hala ere, Bilbo metropoliaren inguruan defizit garrantzitsua dago. Txorierriko bailarari buruz ari naiz, eta ondorengo hauekin duen konexioari buruz: Bilbo, itsasadarraren eskuineko ertza eta Uribe Kosta eskualdea eta EHUko Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremua.

Metroa diseinatzerako garaian Leioako unibertsitate ingurura gerturatzeko aukera atzera bota zen. Aldi berean, udalerri horretako herritarrak geltokitik urrun geratzen ziren. Leioan dauden unibertsitateetara doazen langileek eta ikasleek egunero jasaten dituzte egoera horren ondorioak. Errepideko garraio publikoa asko hobetu den arren, campuseko erabiltzaileen mugikortasuneko beharrei erantzuteko ez da nahikoa. Hori dela eta, ibilgailu partikularren erabilera oraindik handia da.

Jakina den moduan, ondorengo urteetan zonaldean garapen garrantzitsua gertatuko da. Laster parke zientifiko bat eraikiko da, eta inguruko jarduera asko areagotuko du horrek, eta jarduera hori, gainera, oraingoa baino gutxiago aldatuko da urtaroko. Laborategiak, enpresak, ikasleentzako egoitzak eta ikertzaileak, bisitarientzako hotelak, eta abar egongo dira, eta unibertsitate eremuaren iparraldeko ingurua beteko dute. Horrek beste jarduera mota batzuk ekarriko ditu; ondorioz, mugikortasun handiagoa izango du eta mugikortasun horri erantzuna eman beharko zaio.

Bestetik, Txorierriko eskualdeak, biztanle asko izateaz gain, enpresa ugari ditu. Zamudio eta Derio udalerrietan dagoen Bizkaiko Parke Teknologikoak ez dio hedatzeari utzi azken urteetan. Loiuko aireportuan urtetik urtera bidaiari gehiago hartzen da. Bidaiari horiek, gehienbat, Bilbotik edo metropoliko herrietatik datoz. Bada, zonaldeko komunikabide nagusia Txorierriko Korridorea da, eta bertan trafiko handia egoten da, ordu batzuetan ia trafikoa geldirik geratzen dela. Hori gutxi balitz, Bizkaiko lurraldeko hirigintza planek aurreikusten dutenez, bailara horretan datozen urteetan biztanlerian hazkunde handiagoa izango da.

Horiek horrela, ez bakarrik bailarako biztanleen mugikortasuna, baita, ondorioz, metropoli osoarena ere, zaila izango da, lurraldean tren bidezko garraio azkarrik eta maiztasun handikorik egongo ez delako. Auto ilarak areagotu egingo dira eta korridorea erabiltzea ezinezkoa izango da zenbait orduz egun jakinetan. Komunikazioak larriki oztopatuta egongo dira aireportu eta parke teknologikoarekin, eta metropoliko eremu osoak nozituko ditu Txorierrin izaten den pilaketaren ondorioak.

Aurreko guztiagatik, metroko linea berri bat eraiki beharko litzateke, deskribatutako eremuan luzeka joateko. Linea hori, 1. lineako Leioa eta Bidezabal artean dagoen geltoki batetik aterako litzateke, Leioako erdialdetik igaroko litzateke, Unibertsitateko campusetik, Loiuko aireportutik, bide horretatik gertu dauden hiriguneetatik eta parke teknologikora iritsiko litzateke gutxienez. Bestetik, aireportutik edo parketik Bilboko erdigunera zuzeneko lotura izango luke.

Lan horien kostua, dudarik gabe, oso altua da. Baina abantaila garrantzitsuak ekarriko lituzke. Lehenik, mugikortasun arazoak konponduko lirateke. Arazo horiek garaiz konpontzen ez badira, eskualde horretako garapena geldiaraziko dute. Bigarrenik, milaka pertsonak euren autoa egunero erabiltzeak ingurumenarentzat dakarren kaltea murrizteko baliagarri izango litzateke. Gogoan hartu behar da ekologikoki kalterik nagusiena eragiten duen jarduera garraio pribatuarena dela. Hirugarrenik, garapen ekonomikoan faktore oso garrantzitsua izango da. Orain arte metroan egindako inbertsioek kostu handia izan dute, baina aberastasun izugarria sorrarazi dute.

Ezagutza eta berrikuntza ardatza eratuko da. Bertan, polo nagusiak hauek dira: EHUko Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremua, eta Zamudion eta Derion dagoen Bizkaiko Parke Teknologikoa, bi poloen artean dagoen Loiu aireportuarekin batera. Ardatz horrek komunikazio arina eskatzen du bere barruan eta metropoliaren erdigunean. Txorierriko eskualdeko biztanleek ere behar dute. Hori dela eta, garaia da metroko 6. linearen gainean eztabaidatzeko, eta hala badagokio, berori antolatzeko.

Iñaki Goirizelaia Ordorika EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun