Izan ere, Aretxabaletako Erregistro Zibilean liburu berezi bat zabaldu behar izan zuten jaiotza-inskripzioa euskaraz burutzeko. "Arrazoia: gaur egun EAEko Erregistro-liburu ofizialak gaztelaniaz soilik daude, oraindik ez dago liburu ofizialik euskaraz", zehaztu du Behatokiko zuzendariak.
Lehen erregistro horren ostean, euskarazko inskripzio gehiago izan ziren. Bilbon esaterako, egin dira jada euskarazko erregistroak. Behatokiak zuzenean kudeatu eta jarraitu dituen kasuei dagokienez, hamabi erregistro zibil baino gehiagotan egon dira eskaerak liburuak zabaltzeko: Tolosa, Santurtzi, Ajangiz, Gernika, Donostia, Ondarroa, Deba, Uharte-Arakil, Bilbo, Igorre eta abar.
Herritarrei oztopoak
Kasuren batean, eskaera egin eta hamazazpi egunera bidali dute itzulpen-zerbitzura bi orriko dokumentua; Gernikan epaileak umea oraindik jaio ez delako espedientea ez duela zabalduko jakinarazi die guraso batzuei; Gernikako epaile berak beste eskaera bati erantzuna ere ez dio eman, eta post-it bat itsatsi dio eskaerari espedientea zabalduko ez duela jakinarazteko. "Hori al da epaileek herritarrei erantzun bat emateko bidea? Post-it baten bidez?", galdetu du Paul Bilbaok gaurko agerraldian.
Donostiako Erregistroko Epaileak dagoeneko debekatu ditu euskarazko inskripzioak, oraindik hori ebazteko arrazoirik zabaldu ez badu ere. Gurasoek helegiteko aukerarik ere ez zuten izan, laburra baita umea inskribatzeko epea. Are gehiago, Bilboko Erregistro Zibileko epaileak probidentzia helarazi dio umea euskaraz inskribatu zuen herritar bati, egindako inskripzioa zuzena ez dela eta gaztelaniazko liburuan egin behar duela jakinarazteko.
Legea herritarren alde, eta epaileak?
2007ko abuztuan Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri zen Behatokia, euskarazko lehen erregistroaren prozedura medio eta 2008ko urtarrilean jaso du erantzuna: legearen arabera herritarren eskubidea da, baina moldaketak egin behar dira programa informatikoetan.
Eusko Jaurlaritzaren erantzunean euskararen jatorriaren inguruko azalpena jaso du Behatokiak. Antza denez, euskarak jatorri latinoa ez izatean, arazo gehiago sortu omen dira itzulpenetan, eta guztia prest egoteko hiru hilabeteko epea behar zutela adierazi zuten. 2007ko azaroaren 15ean jaso zuen Behatokiak erantzuna. "Hiru hilabete pasa dira jada eta euskarazko libururik ez, hortaz, Jaurlaritzak etxeko-lanak egin gabe eta are gehiago, euskaraz egin diren erregistroak baliogabetzeko prozesuak abiatu dituzte", salatu du Bilbaok.
"Argi dago herritarrek hizkuntza-eskubideak bermatzeko jarrera aktiboa hartzen dutenean, deserosotasunak sortzen direla", adierazi du Behatokiko zuzendariak. Nora Barroso herritarraren kasua da, hain zuzen ere. Nora haurdun dago, euskalduna da eta bere haurra euskaraz erregistratu nahi du. Legeak eskubide hori aitortu arren, Oreretako erregistroan umea gazteleraz inskribatu beharko duela esan diote. Umea jaiotzear dago, baina Donostiako epaileak euskaraz erregistratzeko eskubidea ukatu dio. "Umeari esan beharko diot batzuen eta besteen utzikeriarengatik, legeak aitortzen zion eskubide bat urratu ziotela jaio bezain laster", azaldu du Norak.
"Ez dugu onartuko, hemendik eta hilabete batzuetara, Justizia sailak prentsaurreko dotore batean orain ukatzen ari zaigun eskubidea bermatuko dutela eta hori lorpena dela esatea", azaldu du Paul Bilbaok. "Itzulpen baten zain egon behar al gara gure eskubideak bete daitezen?", galderarekin bukatu dute Behatokiko ordezkariek agerraldia.