“Euskadiren lepotik bizitzea” egotzi die PP eta PSOEri EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 25a, 22:30

Joan den larunbatean Areetako Xake plazan egindako ekitaldi politikoan, "PSOEk eta PPk inposatu nahi duten alderdibitasuna" kritikatu zuen Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, baita horri zentzu berri eman ere: "Bi dira ditugun aukerak PP-PSOE ala EAJ", adierazi zuenez. “Ni Euskadin bizi naiz” goiburuaren aurka “Ni Euskadiren gainean bizi naiz” dugula aipatu zuen jelkideak, "hain zuzen ere PPk eta PSOEk egin izan dutena, egiten dutena eta egingo dutena". “Hemen ilegalizatu, inhabilitatu, kereilak ipini, atxilo hartu eta itxi egiten dute, Mirandatik behera botoak irabazteko bakarrik. Euskadirekin zein den gogorragoa ari dira nor baino nor, eta horri esaten zaio 'Euskadiren lepotik bizitzea'”, kritikatu zuen Urkulluk. Argazkian, Urkullu bere entzuleriari zuzentzen.

Hala ere, Urkullu ez zen izan PP eta PSOE aipatu zituen bakarra. Espainiako Kongresuan EAJren bozeramaile Josu Erkorekak esan zuenez, “dioskute ez dela berdin Rajoy edo Zapatero. Eta egia da. Ez da berdin. Baina, hori esatea eta ezer ere ez esatea berdin da. Zeren politikan esaten duzuna baino garrantzitsuagoa baita egiten duzuna; are gehiago, politikan, zer egiten duzun, haxe zara. Eta azken lau urteotan Gorteetan Rajoyk eta Zapaterok berdin-berdin jokatu dute euskal autogobernuari dagokion guztian”. Jelkidearen iritziz, “azken lau urteotan Diputatuen Kongresuan Rajoyk eta Rodriguez Zapaterok eklipse perfektua eratu dute euskal autogobernuari dagozkion gaietan”.

"Adibide argiak"

Ildo horretan, Josu Erkorekak "adibide argiak" ipini zituen: alderdi horiek “Estatutu berriaren Proposamenaren aurka agertu dira; agertu dira Gernikako Estatutua 1995ean Eusko Legebiltzarrean itundutakoaren arabera garatzearen aurka, agertu dira Ertzaintzaren erretiro-adina jaistearen aurka, agertu dira, baita ere, lurralde historikoen izen ofiziala Batzar Nagusietan erabakitakoari atxikitzearen aurka, besteak beste", aipatu zuenez. Margarita Uria diputatu eta senatarigai getxoztarrak, bestalde, bere poza agertu zuen, hurrengo legegintzaldirako hauteskundeetara "programa on batekin" aurkezten delako, "Euskadiren normalizazio politikoan oinarritua berori, eta edozein dela ere hautestontzietatik sortzen den gobernua”. Era berean, “familia eta lan bizitzak bateratzearen eta berdintasunaren arloetan erdietsitako lorpenak nabarmendu ditu", hain zuzen ere beren-beregi aipu eginez Euskal Taldearen ekimenez ateratako gaur egungo formulari, eta “jatorrizko herrialdean generoagatik jazarritako pertsonei asilo-eskubidea onartzea” defenditu du.

Beste alde batetik, Eusko jaurlaritzaren lehendakari Juan Jose Ibarretxek adierazi zuenez, “panorama iluna daukagu gure herriaren etorkizuna Madrilen agintzen dutenen eskuetan dagoela uste badugu”. “Gure etorkizuna, Madrilen agintzen duenarekin negoziatzeko dugun indarraren araberakoa izango da” azaldu zuen Ibarretxek.

Goizeko lehergailua hizpide

Arnotegi mendiko errepikagailuan, Pagasarri Bilboko menditik hurbil, goiz horretan Ertzaintzak eztandarazitako lehergailua ere izan zuen hizpide Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak. Besteak beste, "atentatuak egiteko justifikaziorik ez bilatzeko" eskatu zion ETAri Ibarretxek, zeren "euskal gizartea kokoteraino dago bonbekin". Bere esanetan, "Euskal Herriaren alde hil ez, lan egiten da". Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere "bide politiko legitimoak" babestu zituen "elkarbizitzarako marko berri bat bilatzeko" eta "terrorismoa defendatzen dutenak legitimotzat ez hartzeko".

Hasieratik bukaerara, Uriak, Erkorekak, Ibarretxek eta Urkulluk euren jarraitzaileen txaloak jaso zituzten gainezka zegoen Areetako Xake plazan. Bertan izan ziren, besteak beste, Imanol Landa, Ana Landa, Imanol Garai, Mikel Arieta-Araunabeña; Getxo, Berango, Sopela eta Erandioko alkateak, Josu Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Josune Ariztondo Ondarroa gobernatzeko batzordearen presidentea, Miren Dobaran Berangoko alkate ohi eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Sustapenerako zuzendaria eta bar luze bat.

Algortako merkatuan

Marisa Arrue Espainiako Kongresurako Bizkaiko bigarren hautagai eta Getxoko PPko bozeramaileak ekonomia izan zuen hizpide, larunbat eguerdian, Algortako merkatuan egindako eskuorri banaketan. "Langabezia bezalaxe, bizitzaren prezioa "gero eta gorago" dagoela adierazi zuen zinegotzi popularrak. "Egungo krisiak 96koa gogorarazten dit, PPren Gobernuak lur jota zegoen herrialde bat hartu zuenekoa", tamaldu zuenez. Arruek eskatu zuen botoa eman baino lehenago "Zapaterorena bezala, gutxiegiz beteta dagoen espedientea duenak gobernatzen jarraitzea nahi dugun" pentsatzeko. Gainera, "herrialde hau egoera honetatik atera dezakeen bakarra" Rajoy dela uste du. Bestalde, goiz horretan, alderdiaren tokiko batzordea aurkeztu zuen Barrikako EAk, Martin Aranburu euskal sozialdemokraten Kongresurako Bizkaiko hautagaia lagun zuela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun