Iluntzeko zazpiak aldera eman zitzaion hasiera, larunbatean, VII. Abra Sariari, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Entzule 40 lagun inguru eta argazki kamera ugariren flashak dizdiraka zituztela, lehenengo atalari ekin zioten sei bertsolari gazteek: ofizioa zortziko nagusian binaka (hiruna bertso) lehendabizi, zortziko txikian ondoren; eta azkenik, bakarta aritu behar izan ziren seiak puntu biri erantzun eta gai bati bertso bi. Akatsen bat gora behera, nahiko paretsu ibili zen seikotea. Alabaina, txukunen Gillen Hiribarren eta Karmele Mitxelena aritu zirela erabaki zuten epaile lanetan jardun zuten Martin Aramendik, Iñaki Aurrekoetxeak, Mirari Azulak eta Asier Ibaibarriagak. Hartara, bi horiek izan ziren finalera heldu zirenak.
Buruz buru
Buruz burukoan, ofizioaren ostean, kartzelako lanari ekin behar izan zioten Gillen Hiribarren eta Karmele Mitxelena: neska oiartzuarra lehendabizi eta Itsasuko mutila ondoren. Lehenengo bertsoan -neurri eta doinu librean, entzuleengan eman zitzaien sentsazioa sorrarazi behar zuten- nahiko parekatuta ibili ziren, baina bakarko gaian ez zuen guztiz asmatu Hiribarrenek eta, azkenean, Mitxelenak jantzi zuen txapela.