Era berean, ELAk salatu du egoera horretan "bere izena enpresaren mesedetan uzteko prest diren sindikatuak" badaudela. Izan ere, sindikatuaren arabera, batzuek delegatu bat lortzearren "edozer egiteko prest agertzen dira, delegatu hori zelan lortzen den gehiegi arduratu barik eta grebaren aurkako bide bihurtzen dira". Hala ere, ez dute izenik eman. Bere ustez, lortutako emaitzak "ELAk mantentzen duen jarrera indartzen du enpresako hitzarmen duin baten alde", Leioako etxez-etxeko laguntzako langileen baldintzak "beraiek duinduko dituen hitzarmen baten aldeko borrokan indartzen ditu".
Udalaren pasibotasuna
"Langileek badakite faktore asko aurka dauzkatela, hala nola enpresak mantentzen duen jarrera itxia zein Leioako Udalak daukana, aurkakoa ez bada ere, guztiz pasiboa dena. Baina hitzarmen justu baten alde borrokan jarraituko dute, behin-behinekotasuna bukatu arte eta soldata nahikoak izan arte", azaldu dute. Bukatzeko, ELAk eskerrak eman dizkie bere laguntza eman dieten langileei eta, horren bitartez, argi utzi nahi izan du "enpresak hauteskundeen aurretik egindako mehatxuak bete nahi izanez gero", ELAk "bere indar guztiak errepresio bide hauek geldiarazteko erabiliko dituela".