"Gogoratu behar da 2007ko urriaren 16ko goizaldean sei lagun atxilotu zituztela Algortan eta Berangon, tartean Aner Mimenza bera ere. Arratsaldean mobilizatzeko deialdia zabaldu zen eta manifestazioa abiatzekotan zegoenean Ertzaintzak aurrean jarri eta debekatuta zegoela adierazi zuen. Gauzak horrela, erabaki zen Etxerat une horretan Telletxeko izkinan egiten ari zen enkarteladara joatea eta horrela esan zitzaion Ertzain buruari. Ertzainak telefonoz kontsultatu ondoren horretarako arazorik ez zegoela esan zuen, enkartelada horrek baimena zuelako, baina errepidea ez mozteko baldintzarekin. Hartara, semaforoa berde zegoenean errepidea gurutzatu eta errepidea libre gelditu zen enkarteladak iraun zuen denbora guztian. Ez zen inolako istilurik izan eta 20:30ean amaitutzat eman zitzaion enkarteladari", azaldu dute Etengaben. UKBERRI.NETek berak eman zuen mobilizazio horretako gora beheren berri. Ertzaintzak identifikatutako albistean aipatutako bi lagunak Mimenzaren gurasoak ziren.
AAMk aipatu bezala, urriaren 18an ere, Zigor Goikoetxea atxilotu zutenean, bere etxe aurrean elkartasuna adierazteko zegoen pertsona bat identifikatu eta, arakatu zutenean, 6 zentimetroko aihotzadun cutter bat izateagatik, Espainiako Poliziak beste 300 euroko isuna jarri dio.
Arau berriak Soton
Askatasunak jakinarazi duenez, Soto del Real (Madril) espetxean arau berriak ezarri dizkiete bisitetarako euskal preso politikoei: ezin izango dute ez boligraforik, ez paperik atera lokutorioetara. Funtzionario bat ondoan izango dute bisita osoan zehar. Lokutorioa giltzaz itxiko diete. Paketea ez diete emango momentuan (orain arte egiten zuten bezala), aurretik bi egunez izango dute miatzeko. Bertan daude azaroaren 22an Baltasar Garzon epailearen aurrean aurkeztu ondoren kartzelaratu zituzten Juan Bautista Galdiz "Batis" eta Gorka Oribe; Urtzi Murueta leioaztarra, Manex Zubiaga algortarra eta Lexuri eta Irantzu Gallastegi ahizpa berangoztarrak. Azken hori, amen moduluan dago, bere alabarekin. Askatasunak Basauriko espetxeko egoera ere aipatu du: "EGA azterketa espetxean ezingo dutela egin esan dietela euskal preso politikoei, soilik hizkuntza eskolako azterketak egin ditzaketela. Ziegan bikoiztuak daude eta batean hirukoiztuak. Astero miatzen dituzte", adierazi dutenez.