"Lakabe, sufragio barik darabilen herria" izenpean hauteskundeen aurkako mahai-ingurua antolatu du gaur 18.30erako Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak. Hitzaldia Leioako Udondo gaztetxean izango da "bozkatzea ez da borrokatzea ezta erabakitzea ere, zeure ardura delegatzea baizik. Ez elkartu geugaz, pentsazazu zeure kabuz" lelopean. Gaurko ekitaldia bezala, Uribe Kostako talde anarkistak "estatu gabeko gizarteak" aztertu zituen Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean herenegun egindako mahai-inguruan. Taldeak zabaldu duenez, datorren martxoaren 9an ospatuko diren Espainiako hauteskunde orokorretan aukera nagusia abstentzioa izango da "berriz ere". Izan ere, Ez Jaun Ez Jaberen arabera "egungo 'sistema demokratikoa' bi aukeratan bananduta dago: neoliberalismoa (zerbitzu publikoen desagerpena) zuzenean bultzatzen dutenak edota progresista mozorroarekin neoliberalismorantz eramaten gaituztenak". Dikotomia horretan, hauteskundeetan parte ez hartzera eta egunero "alternatibak eraikitzera" deitu dute.