Bestalde, Etxerat elkarteak etzirako, otsailak 29, egindako deialdiarekin bat eginez, hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz iluntzeko protestek. "Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko dugu berriro ere", adierazi dutenez. Horrenbestez, 20:00etan egingo da kontzentrazioa, Algortako Telletxe plazan.
Zortzi elkarretaratze Uribe Kostan eta Erandion
Hilero bezala, etzirako, otsaileko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. “Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!” aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan eta Erandion zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudi eta Algortako Amnistia tabernetan.