Abstentzioren aldeko hainbat ekimen izango dira egunotan Uribe Kostan eta Erandion

"Euskal Herriak independentzia. Abstentzioa!" lelopean, Uribe Kosta eskualdean eta Erandion hainbat ekitaldi antolatu ditu, hurrengo egunetarako, ezker abertzaleak. Ostegun honetan, otsailak 28, hauteskunde mitina egingo dute iluntzeko 7:30etik aurrera, Sopelako Udaletxe plazan. Biharamunean, berriz, Erandioko metro geltoki aurrean izango da ekitaldi politikoa, ordu berean. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon auto karabanak, eskuorri banaketa eta abar egingo dituzte martxoaren 1etik 8ra bitartean. Besteak beste, larunbat honetarako, arratsaldeko 5etan Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestaziora joateko autobusa jarri dute; eta hauteskunde aurreko ostiralean, manifestazioa, ekitaldia eta afaria egingo dituzte. Bestalde, bihar bertan, propaganda banatzen ibiliko dira Algortako osasun etxearen aurrean, eguerdiko 12etatik aurrera, Maria San Gil Euskal Autonomi Erkidegoko PPko presidenteak eta Ignacio Astarloa Espainiako Kongresurako Bizkaiko hautagai popularrak. Jon Sustatxa eta Felix Gonzalo Kongresu eta Senaturako Ezker Batuko hautagai bizkaitarrek ere gauza bera egingo dute arratsaldeko 6etan, Sopelako herrigunean. Argazkian, otsailaren 14ko greba egunean ia 700 lagun manifestatu ziren Algortan, EHAK eta EAEren jardueren etetearen kontra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun