Presoen Aldeko Taldeen oharra:
Torturari stop! Salbuespen egoerari stop!
Hemen torturatzen da. XXI. mendean, beren burua demokratikotzat saltzen duten estatuek tortura modu sistematikoan baliatzen dute. Hauxe da egia gordina, nahiz eta batzuk gezurra dela esan. Baina Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuarekin argi ikusi zen bezala, beraiek dira benetako gezurtiak.
Euskal Herriaren alde lan egiten duen oro atxilotua izateko arriskuan dago; atxiloketak inkomunikazioa dakar eta inkomunikazioak tortura esan nahi du gehienetan.
Ezker abertzalearen aurkako errepresio aro bortitz honetan torturak desmobilizazioa bilatzen du. Torturak ez baitu torturatua soilik kolpatzen; ezker abertzalearekin akabatzea helburu duen makinaria baten zati den heinean, herri oso baten aurkako erasoa da.
Nahi dutena esango dute, baina hau ez da demokrazia! Tortura kasuek Euskal Herria salbuespen egoera batean bizi dela demostratzen dute behin eta berriz.
Salbuespen egoera honekin amaitzeko eta Euskal Herriak dagozkion eskubide guztiak gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da marko demokratiko bat eraikitzea, euskal herritarren hitza errespetatua izango den marko demokratikoa, aukera politiko guztiak gauzagarri egingo dituena.
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)