“Euskal Herriak independentzia. Abstentzioa” leloa eurena eginez, 120 bat lagun batu da gaur iluntzean, Sopelako Udaletxe plazan, ezker abertzaleak deitutako ekitaldi politikoan. “Inposatu diguten salbuespen egoeraren” eta EAJk egin nahi duen “iruzur berriaren” aurrean, “aukera bakarra abstentzio aktiboa” dela aldarrikatu dute bertan. Hain zuzen ere, “hipokritatzat” jo dute “tokiko alderdi erregionalista”: “Botoa zor diegula esan eta Madrilera eraman nahi gaituzte, hemen gure ahotsa errespetatzeko ere gai izan ez direnek”, adierazi dute abertzale eta ezkertiarrek. Are gehiago, “negozioa egin eta euren patrikak betetzeko asmoz”, azken 30 urteotan, “unean uneko gobernuarekin itunak egitea” leporatu diete jelkideei. Horrenbestez, “planto egin” eta martxoaren 9an “hautestontziak hutsik” gera daitezela ahalbidetzeko eskatu diete uribekostarroi. Bestalde, aurretik, propaganda banatzen ibili dira inguruan Jon Sustatxa eta Felix Gonzalo Espainiako Kongresu eta Senaturako Ezker Batuko hautagai bizkaitarrak. Argazkian, Ziortza Ruiz Sopelako Eusko Abertzale Ekintzako (EAE) zinegotzia gaurko ekitaldian.