Ertzaintzak G.D.G.N. 19 urteko mutikoa atxilotu zuen atzo, osteguna, eguerdi aldera Aiboako Txakursolo inguruan. Portugaleteko gazteari Urdulizen behargin bati kreditu txartelak lapurtu eta haietako bat erabiliz 1.000 euro baino gehiago bereganatu izana leporatu diote.
Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, pasa den urtarrilaren 29an Urdulizen jarduten zuen eraikuntzako langile batek lan-etxolatik diru-zorroa lapurtu ziotela salatu zuen. Gainera, txartelak baliogabetzean, banku kontu batetik 1.000 euro baino gehiago kendu egin zizkiotela konturatu zen behargina. Ondoren, eragiketa guztiak lapurretako egun berean eta hurrengoan eta banku bulego berean egin zirela jakin izan zuten ertzainek. Hortik aurrera, bulegoko kamerek grabatutako bideoak ikusi eta Metro Bilbaon kreditu txartelekin erositako bonoen segimendua egin zuten polizia autonomikoek. Horren arabera, atzo atxilotutako G.D.G.N. Portugaleteko mutikoa identifikatu zutela dio Herrizaingo Sailak.