2005 eta 2007 bitarteko negoziazio prozesuaren saiakera eta gero, behin hori apurtuta, Espainiako Gobernuak eta bere gestorea den PSOEk errepresio bortitzaren hautua egin dute. Euskal Herrian emango den aldaketa politikoa errepresioaren bitartez moztuko dutela uste dute. Horretarako sistema judiziala eta gorputz polizialak erabiltzen dituzte. Azken asteotako gertakizunek horrela berresten dute: sarekadak, Batasuneko Mahai Nazionaleko atxiloketak, ilegalizazioak, ekitaldi debekuak, torturak... Leioa mailan, aipatu azken hori aztertu nahiko genuke, tortura. Bi dira arrazoiak hori egitera eramaten gaituena. Alde batetik, otsailaren 13an, torturaren aurkako eguna ospatu genuen herrian. Horren inguruan erakusketa bat jarri genuen Boulevardean panelekin eta torturatu figurekin. Guzti hori egin genuen oso garrantzitsua ikusten dugulako herriko jendea inkomunikazio egoera batean aurkitzen den atxilotu politiko batek zer jasan behar duen ikustea.
Jendearen erantzuna oso ona izan zen, mundu guztia gelditzen baitzen panelak irakurtzera. Baina Udaltzaingoaren harrera ez zen horrelakoa izan, guztiz kontrakoa baizik. Alkatearen aginduz hurbildu zitzaizkigun eta dena kentzera “gonbidatu” gintuzten. Prest zuten kamioian kargatu eta dena botako zuten. Beste alde batetik eta gai berdinarekin jarraituz, hilaren 28 eta 29an Urtzi Muruetaren epaiketa izango da, Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eskatzen dioten kondena 30 urtekoa delarik.
Akusazio osoa atxilotu batek Poliziaren eskuetan eta inkomunikaturik zegoela, torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen da. Ez dute froga gehiagorik behar bizi osorako espetxe zigorra ezartzeko.
Guzti honengatik oso garrantzitsua ikusten dugu oinarrizko eskubideen defentsa eta egoera justua ahalbideratuko duen aldaketa politikoa Euskal Herriak eta herritarrek bermatu behar dugula. Guztion konpromisoa eta parte hartzea beharrezkoa dugulako. Horretarako hurrengo otsailaren 29an Boulevardean egingo dugun kontzentraziora gonbidatzen zaituztegu, arratsaldeko 20:00etan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.