Galdapen hauek, laburtuz, hiru ildo nagusitan argudiatu dituzte: lehenik eta behin, "ez da agertu aldaketa hauek justifikatzen duen argudio teknikorik. Hedabideetan gehien zabaldu den argudioa bera ere (galerien kontserbazio egoera txarra), ez da inondik inora azaldu aldaketa hauek jendaurrean agertu direnean. Dena mugatzen da prentsako adierazpenetara, non beste iritzi batzuek (Arkitektoen Elkargoarenak kasu) galeriak kontserbatzearen beharra eta bideragarritasuna defendatzen baitituzte. Areago, horretarako propio egindako bileran, Udalaren ordezkariek onartu dute aldaketak ez direla ezinbestekoak proiektuak aurrera egiteko, hobekuntza soilak liratekeela", azaldu dute abertzale eta ezkertiarrek. Gauzak horrela, ez dute uste "enpresa pribatu baten proiektu ekonomiko baten hobekuntzaren interesa getxoztarrek beren ondasunak eta ondare kultural zein historikoa zaintzeko duten interesaren gainetik jar daitekeenik". Ehunka herritarrek ere hala iristen diote, aurkeztu dituzten galdapenetan.
Bigarrenik, egin nahi diren aldaketak Espainiako Kosta Legeak babestutako eremuan gertatzen direlarik, "horrelako aldaketak ezin izango lirateke egin; edota bestelako tramite batzuk egin beharko lirateke aurretik", aipatu dutenez.
Prozedura biziatua
Hirugarren eta azkenik, proposamen horren atzean dagoen prozedurak "biziatua dirudi", euren ustez. "Galdetu beharra dago, besteak beste, zergatik onartu zituen Barcelok hasierako baldintzak, eta orain aldaketa horiek gabe proiektua bideraezina dela esaten den. Eta etorkizunean ere zalantzak sortuko ditu; adibidez, nola onar daitekeen lehiaketa publikora atera ziren baldintza teknikoen aldaketa, lehiaketa berria deitu gabe", gaineratu dute.
Horregatik guztiagatik, eta bereziki "espekulazioaren eta negozio handien mesedetan Getxon gertatzen ari den herri ondasunen zein ondare natural, historiko eta kulturalaren galera geldiarazteko", HAPOren aldaketa hauek ez onartzea eskatzen dute.