Pasa den ostegunean Urdulizen lapurtutako autoaren ustezko ebasleak atxilotu dituela jakinarazi du gaur goizean
Herrizaingo Sailak. Ertzaintzak emandako bertsioaren arabera, hiru gazte atxiki zituen atzo goizeko 7ak aldera "Bilbotik hurbil", lapurtutako autoan zihoazela. Balizko gaizkileak 29 urteko CD.C., 20 urteko F.M. eta 19 urte dituen N.B. dira, hirurak mutilak. Herrizaingo sailaren arabera, ertzain batek autoa "era irregularrean" zebilen eta "gehiegizko zama era nabarmenean" zeramala salatu zuen eta handik gutxira Mirafloreseko errotondan gelditu zuen patruila-auto batek. Identifikazioak egiterakoan abiaratze sisteman norbaitek eskua sartu izanaren arrastroak zeudela ikusi zuten ertzainek eta autoaren datuak eskatuta Urdulizen lapurtutakoa zela jakin izan zuten. Bestalde, gehiegizko zama aluminiozko 30 bat xafla dira. Ertzaintzaren arabera, atxilotuek aitortu dute xaflak lapurtu izana baina ez dute esan non eskuratu zituzten.