Lehenengo hiru ordutan elkartutako 246 lagunei beste 497 herritar batu zaizkio, 15:00etatik 21:00etara, Algortako Telletxe plazan, Anjel Figueroa preso gaixoari Espainiako Kode Penaleko 92. artikulua aplikatu eta, horrenbestez, kalera atera dezatela eskatzeko. Deialdia egindako
Anjel Kalera! herri ekimeneko (26 pertsona), sindikatuetako (47), preso egondako eta gazte erakundeetako (49), hainbat lagun-talde algortarretako (50) eta Figueroaren beraren koadrilako kideak (100) kontzentratu dira txandaka. Azkenik, 20:00etako deialdi orokorrean, 225 herritar inguratu dira Telletxera. Tartean, LABeko, Bilgune Feministako, Ikasle Abertzaleetako, Segiko, Txorimalo eta Itzubaltzeta gaztetxeetako, Amarratsak eta Plaza Beltza kolektiboetako, Sopelako Gazte Asanbladako eta beste hainbat erakundeetako lagunak izan dira bertan. Besteak beste, Manu Idarraga, Lurdes Cerrato, Marian Perez del Rio, Mitxel Sarasketa, Jagoba Terrones eta Angel Alcalde preso ohiek ere adierazi diote elkartasuna Figueroari.