Ildo berean, Ortuzarrek boto baliagarria eskatu du goizean Bilbon Rut Martinezen alde “zalantzan daudenek jakin behar dutela jesarleku hori edo PPko Marisa Arruek edo EAJko Rut Martinezek eskuratuko dutela. Utzidazue, beraz, gaur boto baliagarriaren aldeko deia egin dezagun Madrilera diputatu gazte prestatu, euskaldun, poliglota eta Europan aditua eramateko. Ez dugu nahi bizkaitarren interesak, iragana, euskal abertzaletasunaren deabrutzea, ezkontza homosexualean kontrako jarrera, zentralismoaren defentsa eta eskuintzarra ordezkatzen dituen diputatu batek ordezkatuak baina defendatu barik geratu daitezen”.
“Gaur eskatzen dizueguna da konpara ditzazuela PPko Marisa Arrueren botoa, Euzko Alderdi Jeltzaleko Rut Martinezen aldeko botoa eta lekukotasun hutsezko botoa, batzen ez duena, interesak defendituko dituen alternatiba bakarra sendotzen ez duena, horretara, Partido Popular zaharkitu ozpinduaren ordezkaria diputatu irtetea ahalbidetuko duen botoa", jarraitu du Ortuzarrek.
Abstentzioa, "antzua"
Bestalde, ezker abertzaleak Eusko Abertzale Ekintza "de facto" ilegalizatu ondoren bultzatutako abstentzioaren eta ETAren aurka hitz egin du EAJren BBBko presidenteak: “30 urtean, 1977ko lehenengo hauteskundeetatik , orduan ere abstentzioaren aukera egin baitzuten, ETAk ez dio ezker abertzaleari alternatiba politikorik eraikitzen utzi. ETAk berriro ezarri du, orduan bezala, ezker abertzalearen kontrako boikota. Ordua da, elkarrizketan sinesten duten boz-emaile abertzaleek ETAk gure herria sarrarazi nahi duen kiribil bukaezin hori hausteko. Sasoia da, hautestontzietara joanez agerian utz dezaten gura dutela ETAk utzi diezaiola Euskal Herriari oztopoak ekartzea besterik lortu ez duen indarkerian oinarritutako ezker abertzalearen aitzindaritzari”.
“Indarkeriaren eta abstentzioaren aldeko apustu antzuaren aitzi, Euzko Alderdi Jeltzaleak egiten duen aukera da, orain dela 30 urte bezala, Euskal Talde sendo, kohesionatu eta Madrilen Bizkaiaren eta Euskadiren interesak defendituko dituenaren aldekoa”, gogoratu du Ortuzarrek.