Hainbat bider mehatxua bota ostean pasa den asteazkenean Marisa Arrue
Getxoko PP ren presidenteak eta Luis Almansa
Getxoko PSE-EEren bozeramaileak
Imanol Landa udalerriko alkatea salatu zuten Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegian. Auziaren muinean dago 2007ko azaroaren 8an Udalbatzak onartu zuen Udal Arautegi Organikoa indarrean jartzeari Landak emandako ezetza. Arruek horrela defendatu zuen Landaren aurka jarritako Administrazioarekiko auzi-errekutsoa: "Udalbatzaren akordioak betetzeari uko egiten dion alkate intsumiso eta matxinoaren aurrean, justiziaren babesa bilatzera behartuak ikusi ditugu gure buruak". Almansak, berriz, gogoratu zituen onartutako arauaren balizko ontasunak: "auzokideei udaletxearen ateak irekitzea, hiritarren parte hartzea eta Gobernuak egiten duen kudeaketaren gardentasuna, kontrol eta fiskalizazio handiagoa bultzatuz". Alkateak behin eta berriro aldarrikatu du iaz onartutako udal arautegi berriak hainbat irregulartasun eta artikulu ilegalak dituela eta, beraz, ezin dela indarrean jarri.