2. PP-PSE-EEk eragotzi zuen gainerako talde politikoek proposamena aztertu ahal izatea eta are gutxiago aldaketak egitea. Ez horretarako zegoen denbora urriagatik bakarrik, baizik eta, batez ere, proposamena egin zutenen borondateagatik beragatik, testua negoziaezintzat jo baitzuten. Bozeramailea izan zen Arrue andreak espresuki adierazi zuen hori, alkate honek bere garaian plazaratu zuzen negoziazio-proposamenari emandako erantzunean.
3. Osoko bilkuran zuzenean aurkezteak, aurretiko administrazio espedienterik gabe, mozio hutsa balitz bezala hartzea dakar. Ondorioz, deklarazio izaera hutsa du, eta ez da betearazi beharrekoa. Udalaren idazkari orokorrak eta UPV-EHUko Administrazio Zuzenbideko bi katedradunek prestatutako bi txosten juridikoek espresuki horrela adierazten dute.
4. Txosten hauek, gainera, adierazten dute proposamena ez datorrela bat antolamendu juridikoarekin, funtsean, alkatearen eta Osoko Bilkuraren arteko eskurantza eta eskumen banaketa ez baitu errespetatzen. Hau da, alkateari eskumenak kendu nahi dizkio, Osoko Bilkurari emateko, bertan PP-PSE-EEk gehiengoa baitu.
5. Gainera eta aurrekoen iritziz, araudia osatzen duten 234 artikuluetatik 54, hots, %23,08, ez datoz bat indarrean dagoen legalitatearekin eta, gainera, hauetan irregulartasun handiak daude. Bederatzi xedapen gehigarrietatik lauk aipatutako akats horiek dituzte eta bat existitu ere ez da egiten (zazpigarrena).
6. Aipamen berezia egin behar zaio bosgarren xedapen gehigarriari, bere izaera antidemokratikoagatik. Oraingo talde politikoek informazio batzordeetan eduki beharreko ordezkari kopuruaren banaketa behin betikoa eta iraunkorra ezartzen du, hauteskundeen emaitzak alde batera utzita. Hau da, oraingo talde politikoen ordezkaritza betiko izoztea planteatzen dute, beren oraingo gehiengoa ere izozteko asmoz. Sinesgaitza, baina egia.
7. Aipatu beharra dago proposamen honetan zinegotzien lansariei eta liberatu kopuruari dagokienez planteatzen den gehikuntza handia. Horrek uztaileko osoko bilkuran udal talde politiko guztien artean adostutakoa hautsi du.
Ondorioz, egiazko mordoilo juridiko eta politiko honen errealitatearen aurrean, kontuan izanik osoko bilkuraren erabakia ez dela loteslea, azkenean hartu genuen jarrera hartzea baino ez zegoen, hau da, berriro ere, akordiorako deia egitea eta, bitartean, araudi honen tramitazioaren aurka agertzea. PP-PSE-EEren erantzuna? Getxoko alkatea auzitara eramatea. Izan ere, batzuek oraindik ez dute onartu indarrean dagoen legalitateak ez duela baimentzen oposiziotik gobernatzea, eta oposizioan daude, hain zuzen ere. Guk, bitartean, geurea egingo dugu, udalerriaren alde lan egingo dugu, umiltasunez, gure herritarrek hauteskundeetan horretarako hautatu gaituzte eta.
Imanol Landa Getxoko alkateak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua