Aurten publikoak musikaz gozatzeko aukera izango du, artista famatuen zein musikari berrien eskutik. “Talentu berriak” saioko artistak izango dira, hain zuzen ere, aurtengo zikloari hasiera emango diotenak. Horiek horrela, lehenengo saioan Patrizia F. Colomer (kontrabaxua) eta Mario Lerena (pianoa) arituko dira. Bikoteak Algortarako prestatu duen programak ibilbide musikala eskaintzen dio zaleari, Erromantizismotik XX. mendeko abangoardiara arte. Europatik Ameriketara eramango dute publikoa Brahms, Hindersmith eta Piazzollaren musikaz baliatuz, bi euskal musikagile unibertsalak ahaztu gabe: Aita Donostia eta Carmelo Bernaola, hain zuzen ere.
Patrizia F. Colomer kontrabaxu-jole bilbotarrak Holandako Koninklijk Conservatorium-ean egin zituen ikasketak, eta Ameriketako Estatu Batuetan, Eugene Levinson maisuarekin. Gaur egun, musika garaikidearen arloan egiten du bere lan profesionala, eta kontrabaxu-pianoko duo errezitaldietan, pedagogiaren arloko lanekin bateratuz.
Mario Lerena getxotarrak, berriz, Parisko UFAM-eko Nazioarteko Lehiaketaren lehen aaria irabazi zuen epaimahaiaren aho-bateko erabakiaz, eta bigarren saria “Villa de Sahagun” VIII. Nazioarteko Piano Lehiaketan. Gaur egun, Artearen eta Musikaren Historiako doktoregoa egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kontzertuak ematen ditu bakarlari eta errezitalista bezala, bai Euskal Herrian eta bai Europako beste herrietan.
Aniztasuna nagusi
Asteazkenean, jarduera luzea duten bi artista arituko dira: Felix Ayo (biolina) eta Emma Jimenez (pianoa). Nazioartean ospe handia lortu du Felix Ayok eta 1981. urtean Emma Jimenezekin hasi zen lanean. Ganbara musikan espezializatu dira azken urteotan eta zenbait orkestrarekin jardun dira elkarlanean. Mozarten, Beethovenen eta Brahmsen konposizioak eskainiko ditu bikoteak Algortan.
Zikloaren erdialdean, Jeremy Menuhimek (pianoa), Pablo de Naveranek (biolontxeloa) eta Philippe Graffik (biolina) osatutako hirukotea etorriko da Algortara. Orain dela zenbait urte hasi zen elkarlanean hirukotea eta, handik hona, hainbat herritan jardun da. Datorren asteko saioan, Schuberten eta Ravelen piezez osatutako programa interpretatuko dute.
Azkenik, agur esango du zikloak 2009ra arte Barcelona Sinfonietta orkestraren eskutik. Talde horrek kalitateko musikariak bildu ditu eta 1998. urtean hasi zen bere ibilbidea. Jarduera bizia du orkestrak eta, hori dela eta, hiriburu katalaneko garrantzi handiko erreferentzia musikal bilakatu da. Algortan eskainiko duen kontzertuan, Francesc Llongueresen zuzendaritzapean, taldeak bi musikari gonbidatuak izango ditu: Stanislav Stepanek biolin-jolea eta Marisa Roca mezzosopranoa, hain zuzen ere. Egitarauari dagokionez, Vivaldi eta Pergolesi musikagileen lanak joko du orkestrak.