Oro har, zainketa aringarrietako unitateetan sortzen diren arazoak, patologiatik beretik eratorritako ohiko arazoez eta zailtasun mediko-biologikoez gain, informazio-komunikazio motako arazoak izaten dira, baliabideen esleipenari loturiko arazoak eta bizitza-heriotza binomioarekin erlazionaturiko arazoak. Horietan guztietan, ezinbestekoa da gaixoak autonomia-maila egokia izatea erabakiak hartu ahal izateko.
Gai horri buruzko doktore-tesia egin du, hain zuzen ere, Ana Maria Martinez Fernandez ikertzaileak, EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean. Lan horretan, fase terminaleko paziente onkologikoen autonomian eragina duten faktoreen azterketa eginez, egoera horietan dauden gaixoekin lanean diharduten adituen lana hobetzen lagundu dezaketen zenbait gomendio proposatzen ditu.
Doktore-tesiaren gaia honako hau da: "Fase terminaleko paziente onkologikoen autonomian eragina duten faktoreak eta autonomia hori hobetzeko gomendioak". Doktore-tesi horren zuzendaria UPV/EHUko Medikuntza saileko Daniel Solano Lopez irakaslea izan da. Lan horrek bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du.
Ana Maria Martinez Fernandez Medikuntzan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, medikua da Madrilgo Minbiziaren Aurkako Espainiako Erakundearen (AECC) V. saileko zainketa aringarrietako etxez etxeko lantaldean.
Autonomia bila
Doktore-tesi honen helburu nagusia izan da fase terminaleko paziente onkologikoaren jarraipena eginez, paziente horren autonomia aztertzea, haren hasierako egoera ezagutzea, haren bilakaera alderatzea eta hura baldintzatzen duten eta medikuek zuzenean eragiten dituzten faktoreak aztertzea. Halaber, patologia horren informazioa jaso eta patologia horretan eragina izan dezaketen faktore pertsonalak bildu nahi izan ditu; baita ingurunearen jarrera ezagutu ere. Bestalde, atzeman dituzten arazoak gainditzeko irtenbideak proposatu ditu.
Hori guztia egiteko, Minbiziaren Aurkako Espainiako Erakundearen (AECC) fase terminaleko paziente onkologikoen etxeko arreta taldeak 2003ko urtarriletik 2004ko ekainera bitartean Madrilgo V. sailean zaindu zituen 164 gaixoetatik 126 aztertu zituen.
Ikerketa-lan honek aukera ematen du orain artean kontuan hartu ez diren zenbait alderdi ezagutzeko. Lan honen arabera, fase terminaleko paziente onkologikoak gai dira haien autonomia izateko, betiere bizi diren ingurune soziosanitarioak mugatzen ez badie. Gainera, muga fisiko nahiz mentalek, oro har, ez die erabakiak hartzeko gaitasuna eragozten. Maiz haien autonomia mugatua dago gaixotasunaren eta pronostikoaren informaziorik jasotzen ez dutelako. “Berez, gaixo horiek autonomoagoak dira informazio egokia jasotzen dutenean” dio ikertzaileak.
Azkenik, ikertzaileak ikusi du praktika klinikoan gaixo horiekin gertatzen diren hainbat arazo konpondu egin daitezkeela ohiko historia klinikoan ezjakintasunarengatik agertzen ez diren zenbait datu edo gomendio txertatuz. Esaterako, komeni da gaixoak nahiz zaintzaileak gaixotasunaren pronostikoa eta diagnostikoa ezagutzea. Osasun-txostenak, bestalde, gaixoak prozesuaren inguruan duen ezagutza-maila jaso behar du; tratamenduren bati uko egin dion ala ez, informazioa jaso ondoren erabakirik adierazi duen, edo bere borondatea aldez aurretik idatzi duen. Zaintzaileari edo familiari dagokionez, ezinbestekoa da jakitea uko egin dioten gaixoari diagnostikoaren eta pronostikoaren berri emateari, gaixoari benetako txostena irakurri dioten, eta, gaixoari morfina ematen zaion kasuetan, gaixoa bera jakinaren gainean dagoen edo ez jakitea.
Gaixotasunaren jarraipenean, komeni da gaixoaren jarrerarekin erlazionaturiko datuak biltzea; adibidez, tratamenduan duen parte-hartzea, bere ingurukoei agur esaten dien edo ez, eta abar. Zaintzailearen jarrera ere ezagutu behar da (Zer esaten dio gaixoari gaixotasunaren inguruan?, Nola erantzuten die haien galderei?...). Jarrera soziala ere ezagutu behar da, ingurunearen azterketa egiteko, bai eta osasun-jarrera ere, gaixoari daraman prozesuari buruz zer informazio ematen zaion jakiteko, eta abar.