Izan ere, Urtzi Murueta seinalatzen duen lekukotasun bakarra baino ez dago, Orkatz Gallastegik Ertzaintzaren aurrean sinatutakoa. Gallastegik inoiz ez du deklarazio hura berretsi eta epailearen aurretik eraman duten bakoitzean torturak salatu eta guztia ukatu baitu. Guztira, 14 lekuko eta 10 peritu izan dira epaitegian eta Muruetaren aurka "erabili nahi duten 'froga', elementu edo kasu honekin duen lotura bakarra" Ertzain-etxean Gallastegik sinatutakoa dela salatu du AAMk.
Muruetak berak ere leporatzen dioten guztia ukatu egin du epaiketan. Auzi honetan kondenatuta dagoen Orkatz Gallastegik ere deklaratu zuen epaiketa honetan eta berriro esan zuen ez duela inoiz epailearen gaineko informaziorik jaso eta ez ziola Urtziri horren gaineko inolako daturik eman. Gallastegiren arabera, Ertzaintzak komisarian deklarazio bat sinarazi egin zion, "torturak eta mehatxuak erabiliz, besterik gabe".
AAMren aburuz, "horrela inor ezin dela kondenatu pentsa daiteke, baina hau beste kontua da: batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal herritarren aurka daraman estrategiaren barruan sartzen da epaiketa hau ere, eta bestetik, 30 urteko espetxe zigorraz gain, fiskalak milioi bat euroko kalte-ordaina eskatzen du, eta kasu honetan, Lidonen familia dirutza hori kobratu gabe geldituko da Urtzi absolbituz gero". Izan ere, errepresioaren aurkako mugimenduaren arabera, "Urtzik dirutza hori ordaindu ezin badu, Estatuak bere gain hartu beharko luke kalte-ordaina, azken urteotan terrorismoaren biktima talde horiek Gobernuarekin egindako akordioaren arabera. Modu horretan, eta horregatik kondenatu zuten Orkatz ere azken finean, epaileen arteko korporatibismoa tartean, nahiz eta dirutza horiek kobratzeko gazte hauek bizitza osorako espetxean sartu behar", salatu dute.
AAMk aipatu duenez, "epaiketan epaileak errieta egin behar izan zion ertzain bati deklaratzerakoan berari ez zegokion zenbakia eman zuelako, bere nortasuna mozorrotzeko".