Aner Mimenza Getxoko preso gaztearen gurasoei gertatu bezala, Eusko Jaurlaritzaren beste isun bat jaso du egunotan Algortako herritar batek: 301 euroko isuna 2007ko maiatzaren 18an egin zen manifestazioan identifikatu zutelako, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez zabaldu duenez. Egun horretan manifestazioa egin zuten Marian Perez del Rio (egun kalean) eta Txetxu Fernandez senar-emazte algortarrek espetxean 15 urte bete zutela salatu eta presoak etxean behar dutela aldarrikatzeko. “Algortan egun haietan Ertzaintzak buruturiko erasoen artean salatu zen manifestazio hori eten eta bertan zihoan pertsona bat atxilotzen saiatu zirela, inolako istilu edota arazorik ez bazen ere. Gero, manifestazioan zihoan beste herritar bat, orain zigortu dutena, identifikatu egin zuten”, adierazi du errepresioaren aurkako erakundean. Hori gertatu eta egun gutxitara, maiatzaren 23an, “PNV espainiola” oihukatu eta “ilegalizazioa kudeatzearen ardura” EAJri leporatuz protesta egiten ari ziren lagunei oldartu eta kolpez sakabanatu zituen Ertzaintzak, jelkideak hauteskunde ekitaldia egiten ari zirela Telletxen. Argazkian, ertzainak Telletxen asteazken horretan.