Diezen alderdiak zabaldu duenez, "une hauetan, hauteskunde premiei baino Bizkaiko UPDk lehentasuna ematen dio giza atsekaberi, maite den hurkoaren galerak sortutako doluari. Helburuekiko alderdiaren konpromisoa handia bada handia da ere bere militanteen giza konpromiso sentimentala, Pilarren heriotzak eragin duen dolu eta atsekabeak hunkituta".
UPD Algortan
Halere, atzo arratsaldean UPDk mantendu egin zuen Algortan zeukan hauteskunde ekitaldia, nahiz eta Fernando Maura ez joan. Kati Gutierrezek ere ez zuen "Zergatik UPD?" izeneko diskurtsoa bota, eta beste bi erkiderekin batera propaganda ematera mugatu zen. Isiltasunez, metro geltokiaren sarreran, euritik atertuta, "Batzen gaituena" leloko egunkariak eta esku-orriak banatu zituzten, euskarari barik UPDren balizko diputatu bakarra izan daitekeen Rosa Diezen Espainiako nortasun agiriari erreferentzia egiten dutenak. Metro batzuetara, beste bi erkide sendoak edo bizkartzainak zaintzen zuten ingurua eta errepidearen bestaldean, berriz, Ertzaintzaren furgoneta. Telletxe plazako punta batean kanpaina-autoaren megafonoek Bob Dylanen "Blowin' in the Wind" abesten zioten melankoliaz, beste puntan zegoen "M9: boikota" panelari. Hauteskunde paneletan, berriz, UPDkoek bi kartel baino ez zituzten jarri, biak abstentziora deitzen zuten kartelen gainean.