Nuestra Señora de Europa Getxoko ikastetxea salgai jarri du Charo Abad jabeak. Egun, zentroak Haur eta Lehen Hezkuntzan euskaraz, eta ingeleraz apaindutako A eredua eta DBHn ingelerazko murgiltze eredua eskaintzen dizkie 700 bat ikasleei. Erabakiaren berri eman zien orain dela hamar egun irakasleei eta ikasleen gurasoei eta gaur Abadek "
El Correo Español" egunkariaren orrialdeetan aitortu duenez, bere 64 urterekin eta gaixorik egonda, ikastetxea utzi eta saltzea erabaki du. Horretarako, Estatu mailako zein nazioarteko hezkuntza arloko taldeei ikastetxeak saldu dizkien Madrilgo enpresa batekin harremanetan jarri da, guraso eta irakasleen balizko kooperatiba baztertu ondoren. Ikastetxea eraikitzen den lurren balio handia kontuan hartuta, Abadek ezeztatu ditu salmentaren atzean eraikuntza-operazioren bat egon daitekeela dioten zurrumurruak.