Profilean, Marisa Arruek izan dituen formakuntza eta hainbat kargu ahaztu eta udal zinegotzi soila izan balitz moduan aurkeztu dute. Era berean, azken legealdian hamar adierazpen baino ez dituela egin azpimarratu dute, kontuan hartu gabe 1.166 galdera gehien zituen diputatua dela, 1.166rekin. Bestalde, besteak beste, azpimarratu dute Arruek diputatu gisa eta 8 urtez ez zuela diru-partidarik lortu Getxo udalerrirentzat; kaian Guardia Zibila jartzen ahalegindu zela; Getxoko Udalbatzan “gura ala ez, zuek espainolak zarie. Hala dio zuen nortasun agiriak” adierazi ziela EAJko alkate eta zinegotziei; eta "homosexualen ezkontzen aurkako militantea" izatea leporatu diote.
Rut Martinezen kasuan, ordea, Euskal Herrian jaio dela (eta ez atzerrian, Arrue bezala) jarri eta bere curriculuma zabaldu dute: Zientzia Politikoetako lizentziatura duela eta Eusko Legebiltzarrean Nazioarteko Harremanen arduraduna izan dela. Era berean, euskara, ingelesa, frantsesa eta italiera dakiela nabarmendu dute, Madrilen egiten duten gaztelania nonbaiten ahaztuta.
Horretaz gain, lehenengo pertsonan idatzitako testu labur bat aurkitu daiteke Martinezen argazkiaren ondoan, edozein gaztek dituen arazo berberak berak ere badituela konbentzitzen saiatzen duten lerroak, alegia.
Rut Martinezen oharra:
Rut Martinez dut izena, Erandion jaioa naz eta 34 urte daukaz. Orain hiru urtetik Zeanurin bizi naz eta bost urte hauetan hipotekaren eta Euribor beldurgarriaren gorabeheren zamapean. Nire kontuak oker ez badagoz, 2035 aldera kenduko dut gainetik hipoteka. Asko dira hori gura izateko gauza ez direnak ere, etxebizitzen prezioa gaur egun zeruetan dagoelako edo gaur egungo gazte askok hipoteka lortzeko moduko lanik ez dabelako.
Hori dela eta, garrantzitsua jotzen dot gazteen ahotsa Madrilen entzun eta aintzat hartu dagien. Oso-osorik zuen eskuetan jartzen naz, beraz, zuen gurariak, premiak eta asmoak Kongresura eroateko.
Izan be, zuen arazoak nireak ere badira eta zuen iritziak kontuan hartuak izan behar dabe.