Margoak dira bere koadroen osagarri nagusia. “Ez ditut nahita aukeratzen, nahi gabe baizik, eta ondorioa margolan koloretsua izaten da”, Toyosek onartu duenez. “Agian, artearen bidez mezu baikorrak zabaltzea atsegin dudalako izango da, eta hori lortzeko osagarri garrantzitsua da kolorea”.
Pinturarekin buru lepo 15 urte daramatza Toyosek. Txikitatik erakarri zuen pinturak. “Adierazteko modu bat izan da beti, norbanakoena, agian egoista ere bai, margotzen dudanean neure buruan besterik ez baitut pentsatzen”.
Artistak urteak daramatza ere diseinu grafikoan lanean: “erakusketa hau aro berri baten hasiera da nire artearentzat, iraganari gainbegiratua egiten ari natzaio eta, etorkizunari aurre egin aurretik, eta pintore profesional izateko lehen urratsa da bide batez”, azpimarratu du Ainhoa Toyosek.
Gaur egun bi egitasmo ezberdin ditu eskuartean, “erabat ezberdinak orain arte eginikoarekiko”, eta urte amaieran erakusgai jartzea espero du.
Erakusketa ikusteko ordutegia honakoa da: astegunetan, 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 11:00etatik 15:00etara eta 16.00etatik 19.00etara; eta igandeetan, 11:00etatik 15:00etara.