Euskarazko epaimahaiak Berlinen girotuta dagoen "Post H. Pop" ipuin irabazlearen testuaren estetika eta izaera "musikala" nabarmendu ditu. Era berean, akzesita lortu duen "Zerbait ez doa ondo" lanean ere, "une iheskorraren pisu emozionalaren irudikapena" nabaritu du. Azkenik, beste akzesit bat irabazi duen "Haur Jolasak" ipuinari dagokionez, "prosa arina bezain koloretsua" daukala eta Mexikon girotutako "ikusizko" ipuina azaltzeko gaitasuna duela adierazi du.
Gaztelaniaz
Gaztelaniako epaimahaiak, berriz, "En un cajón del armario" ipuin irabazleko "idazkeraren naturaltasuna eta plastikotasuna" nabarmendu ditu, "bai eta isilarazi ohi dituzten errealitateko guneen inguruko begirada kritikoa ere". Aurtengo akzesitetako bat lortu duen "Los de siempre" ipuinari dagokionez, epaimahaiak "kontakizunaren giroa" eta "proposamenaren originaltasuna" azpimarratu ditu. Azkenik, beste akzesita irabazi duen "El Gong" laneko "gaiaren bereizgarritasuna eta umore-kutsua" nabarmendu ditu.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan, edozein nazionalitateko idazleek parte hartu dezakete, beti ere euren ipuinen gaia librea bada, argitaratu gabeko ipuin originalak badira eta beste edozein lehiaketatan saririk jaso ez badute. Lehiaketaren XXV. edizio honetan, gaztelaniako 347 lan eta euskarako 51 lan aurkeztu dira.