Bestalde, Obietako tarte horretan zegoen autobus geltokia Desanexio kalera lekuz aldatu dute, Bekoa herri ikastetxea eta osasun etxetik gertu. Era berean, aldaketak sor ditzakeen oztopoak murrizteko beste bi geraleku jarri dituzte Tartaga kaleko 5. atariaren parean.
Obietan egingo diren hobekuntzen artean espaloiak egungo zabaleratik 3,10 metrora handitzea; farola, zakarrontzi, gai apaingarriak eta loreontzi berriak jartzea; eta errailak 6 metrora zabalduz, ibilgailuen norabidea bikoiztea daude. Izan ere, Obietako 150 metro horietan dauden autoa uzteko tokiak kenduko dituzte. Gainera, inguruan guztiz berriztatuko dituzte ur, argi, elektrizitate eta telefonia sare guztiak.
Lanetan 720.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak Obietan eta lanak sei hilabetetan amaitzea "espero" du Asier San Nicolas Hirigintza alkateordeak. Izan ere, Jose Luis Goyoagan egiten ari diren lanetan ur-tutu batekin izandako makina bat arazoren ostean hango obrak "Aste Santua baino lehen egongo diren ez dakit" onartu du San Nicolasek, "baina, bukatuta ez badago, gutxienez trafikorako irekita egongo da", azpimarratu du.
Aparkalekuak
Obietan egingo diren lanekin aparkaleku gutxiago izango da herrian baina, San Nicolasek onartu duenez, oraindik lurrazpiko aparkalekuen proiektua zelan egingo den ez dago argi. Oraingoz, inkestak egiten ari zaizkie auzokideei zer nolako eskaera dagoen jakiteko, zer motako alokairua edo jabetza nahiago den, kotxedunak zenbat ordaintzeko prest dauden eta horrelako baldintzak ezagutu eta handik aurrera proiektua idazteko.