Erandioko Udalak Gazte Plana ez duela bete salatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 4a, 20:48
Erandioko Gazte Planaren epe motzeko ekimenak ez direla bete salatu du Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramaileak. Plana Udalbatzan onartu zen 2007ko otsailean eta epe motzeko, ertaineko eta luzeko ekimenak zituen, urte batean, bitan edo hirutan garatzeko. Lehenengo urte igaro ostean, Ruizen aburuz, "babes ofizialeko etxebizitzak bultzatzeko helburua ez da bete" eta hortaz, "gazteei eskuragarriak diren baldintza ekonomikoetan etxebizitza duin baterako sarbidea erraztea" ere ez da bermatu. Era berean, enplegu politikei dagokienez, Lerroarteko Kooperazio Plana ez da onartu. Plan hori Udalak eta udalerriko enpresa eta ikastetxeek sinatzea aurreikusten zuen Gazte Planak, hezkuntza Erandioko enpresek eskatzen duten enplegu profiletara hurbiltzeko.
Era berean, Ruizek salatu du "hitzarmen bat bera ere ez" dela sinatu Udala eta bertako enpresen artean. Ezertan gelditu diren beste puntu batzuk, popularren ustez, dira alokairuko etxebizitzen parkea, berdeguneak, Altzagako merkatu ohiaren zaharberritzea eta abar luze bat. Horregatik, Erandioko Gazte Plana "agiri birtualtzat" jo dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun