Munduko agertokirik ospetsuenetan jo du Ayok: Carnegie Hallean, Musikvereinen, La Scalan, Teatro Colonen, Teatro Realean, eta Sydneyko operan, besteak beste. Bere grabazioek arrakasta handia izan dute mundu osoan eta hainbat sari irabazi ditu. Horien artean, “Grand Prix du Disque” saria, Vivaldiren “Lau urtaroak” obraren bere bertsio ospetsuagatik.
Ayok musikari jarduera eta irakaskuntza uztartzen ditu. Gaur egun Erromako Accademia Nazionale di Santa Ceciliako hobekuntza-ikastaroetan parte hartzen du eta eskola magistralak ematen ditu hainbat herritan. Duela gutxi, Irakasle Emeritu izendatu dute Italian eta Erroma Saria eta San Michele Saria jaso ditu musikari eskainitako bizitza batengatik.
Emma Jimenez
Emma Jimenez ere Sestaon jaio zen. Sei urterekin hasi zen musika-ikasketak egiten, eta zortzi zituenean irabazi zuen Solfeoko Lehen Sari Berezia Bizkaiko Musika Kontserbatorioan. Hamabi urte zituela Ganbera Musikako Lehen Sari Berezia lortu zuen, eta, urtebete beranduago, Karrera Amaierako Lehen Sari Berezia. Hamahiru urterekin Espainiako pianista diplomatu gazteena izan zen.
Vienan eta Salzburgon osatu zituen ikasketak, eta herrialde guztietako piano-joleen artean nabarmendu zen. Hamazazpi urte zituela, bere lehen itzulia egin zuen solista gisa Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin Chopinen 2. Kontzertua interpretatzeko. Hemeretzi urte zituela, Joaquin Atxukarro pianistarekin ezkondu zen, eta orduan utzi zion Emma Jimenezek bere kontzertista-karrera ospetsuari. Geroztik, bere senarrarekin bakarrik jotzen du, bi pianorako kontzertuen modalitatean. 1981ean bikotea eratu zuen Félix Ayorekin, eta geroztik kontzertu itzuliak egiten dituzte, aldiro-aldiro, gero eta arrakasta handiagoarekin, ganberako musikaren espezialitatean. Espainiako hainbat orkestrarekin ere, halaber, Mendelssohnen Kontzertzu Bikoitza edo Beethovenen Kontzertu Hirukoitza interpretatu dituzte.