CCOO sindikatuak alde batera egin ostean, biharko Osakidetzako zentroetan deituta zuten greba orokorra mantentzea erabaki dute ELA, LAB, UGT, ESK eta SAEk sindikatuek, hiritarrei eskaintzen dieten zerbitzua eta profesionalen lan baldintzak hobetu aldera. CCOOk, ordea, uko egin dio lanuzteari Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin Osakidetzari buruzko negoziaketan "ahal den gehien" ateratzea nahi duela iragarriz. Aurretik ere, SATSE erizainen sindikatuak eta UTESE osasun teknikarienak bertan behera utzi zituzten mobilizazioak eta azken greban ez zuten parte hartu, negoziazioan aurrerapausoak eman bitartean jokamolderik hoberena hori delakoan. ELA, LAB, UGT, ESK eta SAEk manifestazioak deitu dituzte hiriburuetan eta gogoratu dute aurreko astean Osakidetzak egindako azken eskaintza "ez dela nahikoa": hurrengo lan eskaintza publikoan erabakitakoa baino 90 erizain eta beste 20 langile gehiago hartzea proposatu diete. Argazkian, 2007ko martxoan Almintzan zabaldu zuten osasun-kontsultategi berria, Atalaia kaleko 5. zenbakian.