Emakumeen Egunaren inguruan hainbat ekitaldi izango da Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 5a, 14:36

Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak eta bertoko emakumeen elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Aurtengoan emakumezkoek jasaten duten bereizkeria ekonomikoa salatuko dute. Horrenbestez, atzo iluntzean eman zitzaien hasiera jardunaldiei, Olga Macia abokatuak, Lucia Linares Alboa emakume alargunen elkarteko buruak eta Mertxe Larrañaga EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Berdintasunerako Zuzendariak eskainitako mahainguruaren bitartez. Hilaren 7an, berriz, ohiko hormairudia egingo dute Algortako San Nikolas plazan, 10:00etatik aurrera, eta geroago, 12:30ean Emakumeen Elkarteen eta Erakundeen Adierazpena irakurriko dute. Bestalde, ostiralean Emakumeen Nazioarteko Egunaren gaineko adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez Getxoko Udalbatzak. Argazkian, emakumeak hormairudia egiten iaz Algortako San Nikolas plazan. Egun Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan dago zintzilik.

Bihar bertan, berriz, Gizatiar Itzubaltzeta / Romo eta Areetako emakumeen elkarteak ipuin kontalari saioa antolatu du, A la luz de las velas kolektiboarekin batera, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kultur etxean. Hitzordua 18:00etan izango da eta ipuina "La riqueza de las mujeres" izango da, Pedro Ruiz eta Begoña Gomezek kontatuta.

Hilaren 11n, “Emakumezko 8 idazle 2008ko martxoaren 8rako” lelopeko egitasmoaren barruan, Toti Martinez de Lecea eta Arantxa Urretabizkaia idazleek hainbat istorio irakurriko dituzte. Saioa 19:30ean hasiko da, Argia Fundazioak Algortako Hirutasuna kalean daukan egoitzako ekitaldi aretoan, eta haurtzaindegi zebitzua ere egongo da. Horretarako martxoaren 10a baino lehen deitu beharko dute interesatuek 944 660 130 telefono zenbakira.

Azkenik, martxoaren 15era bitartean, Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan, “Munduko emakumeak, guri begira dauden aurpegiak” titulupeko argazki erakusketa ikusi ahal izango da. Enrique Pimoulier Laspeñasek ateratakoak dira guztiak eta PTM-Mundu bat gobernuz kanpoko erakundearen eskutik helduko dira bertara.

Bereizkeria ekonomikoa

Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak azaldutakoaren arabera, ekonomia arloan emakumeek jasaten duten bereizkeria hori “era askotan agertzen da, hala nola, bizi ahal izateko nahiko ez diren alargun pentsioetan (60 urte baino gutxiagoko eta familia duen alargun batek hilean 435,12 euro kobratzen ditu, udal iturrien arabera); balio berbereko lanetan gizonek eta emakumeek jasoten duten soldata desberdinetan (EAEan emakumeek %18 gutxiago); emakume langabeen tasa handiagotan; menpekoak zaindu ahal izateko emakumeek duten lan jardunaldien murrizketaneta horrek etorkizunean beren pentsioetan eragina izango du; batez ere emakume etorkinek dituzten izkutuko lanetan, ...”. Horrenbestez, martxoaren 8a dela eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu emakumeak tokiko arduradunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun