EHNA erabiltzeagatik bizkaitar bat epaituko dute bihar Bilbon

Itxaso Viñe bilbotarra epaituko dute bihar, osteguna, goizeko 12:15ean Bizkaiko Auzitegi Probintzialean epaituko dute pasa den abenduaren 29an Ertzaintzaren aurrean bere burua EHNArekin aurkeztu zuelako 18/98 auziaren aurkako protesta batean. Ekimen horretan eseraldia egin zuten Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren barruan eta hori dela eta atxilotu zuten Viñe. Bai Euskal Herriari. plataformak salatu du "18/98 auzibidearen epaiketa abiatu zenean denok ikusi ahal izan genuen Espainiarren Auzitegi Nazionalak EHNA nola onartzen zuen eta Madrilen euskal herritarrak epaitzeko baliogarri den agiria erakusteagatik, Euskal Herrian Ertzaintzak atxilotu eta Bizkaiko epaitegiak auzibidean jartzen gaituela". Horregatik, Viñe babesteko eta Justizia Administrazioa eta Ertzaintzaren jarrera salatzeko “Euskal Herritarrontzat ez dago justiziarik” lelopean egingo duten elkarretaratzeko deia egin du Bai Euskal Herriari ekimenak. Era berean, martxoaren 9an "euskal herritarrek egiten duten hautua eginda ere, euskal herritar gisa EHNArekin agertzeko deia" luzatu dute. Argazkian, Itxaso Viñe, eskumaldetik lehenengoa, Oiakue Azpiri 18/98ko auziperatua (ezkerrean) eta Bai Euskal Herriari ko kideekin.

Bai Euskal Herriari ekimeneko oharra:

euskal herritarronzat ez dago justiziarik!

Uka ezina da, egun, Euskal Herriak bizi duen unea ez dela batere erraza, are gehiago ere, uka ezina da Espainiar estatuak Euskal Herriaren aurka abiatu zuen ofentsiba gogortu dela eta ez dela atzo goizeko kontua, hala salatu baikenuen duela hilabete batzuk emandako agerraldian eta gaur salaketa bera, ozenago eta arrazoi gehiagoz indartzen dugu.

Gaur egun, Euskal Herriaren aurkako ofentsibari ez diogu amaierarik ikusten. Egunez egun, eta esparruz esparru, ukazioa, zapalketa eta eskubide urraketa eguneroko ogi bihurtzen ari dira gure herri zahar bezain bizi honetan.

Euskal Herriak estrukturalki ukatua izaten jarraitzen du. Gainera egungo EAEko administrazioa kudeatzen dutenen aldetik, mespretxu eta ukazio etengabeak pairatzen ditugu.

Bestela nola ulertu daiteke Euskal Herri osorako eta Euskal Herri osotik abian jarririko Curriculumaren inguruan Gasteizko gobernutik egin den egokitzea? Ulertezina den moduan aste honetan Miren Azkarate andereak eta Patxi Baztarrika jaunak, Egunkariaren itxiera eta honek ekarri zuen uholdearen aurkako hitzak! Edota Euskal Herriko kirolariek abiatuta, abenduan buruturiko aldarrikapen masiboari entzungor egitea. Euskal Herri osoko kirolariak bilduko zituzten federazio nazionalak eskatzen zituzten eta gaur egun oraindik non bizi garen galdetzen digute eta kirol lehiaketetan noren izenean parte hartu nahi dugun. Euskadin, Euskadi ordezkatzen?

Ez jaun andereak, gu behintzat Euskal Herrian bizi gara eta abenduaren 29an Bilbon bildu ginen milaka eta milaka herritarrekin batera, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzen dugu eta Euskal Herriaren alde lanean jarraitzeko hautua egiten dugu.

Martxoak 6an, euskal herritar gisa EHNArekin agertu zelako, Bizkaiko Auzitegiak pertsona bat epaituko du.

Abenduan 18/98 auzi-bidean loturiko gizarte mugimenduko kideak epaia atera aurretik nola kartzelaratzen zituzten ikusi genuen. Euskal Herria eraikitzea delitu izateak jada ez du inor harritzen. Hala ere, protesta andana eragin zuten atxiloketa hauek Euskal Herri osoan barna, baita hemen Bilbon ere. Protesta horietako batean atxilotu zuten Itxaso Vine gaur hemen gurekin eseria dena.

Esan bezala Bizkaiko Lurralde Auzitegiraino eraman zuten protesta eta epaitegi barnean eseri ziren. Ekimen horren ondorioz, atxilotua eta auziperatua izan da, zer dela eta Euskal Herriko Naziotasun Aitormena esku artean zuela Ertzaintzaren aurrean bere burua aurkeztu zuelako. Delitua: euskal herritar gisa eskubide osoz bizi nahi izatea, hots, Euskal Herriaren izena eta izana duintasun osoz adierazi nahi izatea.

18/98 auzibidearen epaiketa abiatu zenean denok ikusi ahal izan genuen Espainiarren Auzitegi Nazionalak EHNA nola onartzen zuen eta Madrilen euskal herritarrak epaitzeko baliogarri den agiria erakusteagatik, Euskal Herrian Ertzaintzak atxilotu eta Bizkaiko epaitegiak auzibidean jartzen gaitu.

Hori da egiten dugun delitua: eskubide osoko herritarrak izatea helburu duen aldeko borrokan aritzea. Ez da lehen kasua, eta errealitateak erakusten digu ez dela azkena izanen, baina, gure asmoak sendoak dira eta gure erabakiarekin aurrera egitea dugu helburu, euskal herritar euskaldun eta aske izateraino.

Horregatik datorren ostegunean, martxoak 6, eguerdiko 12;15etan Bizkaiko Auzitegiaren aurrean eginen den elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi dugu Euskal jendartea. Euskal Herritarrontzat ez dago justiziarik lelopean biltzera deia egiten dizuegu.

Martxoak 9; txanponaren bi aldeak

Egun zailak zinez Euskal Herriak eta herritarrok bizi ditugunak. Denok dakigun bezala datorren martxoak 9.an Euskal Herri osoan hauteskundeak ditugu. Lapurdi, Nafarroa Beheran eta Zuberoan kantonamendu eta Herriko Etxeetarako hauteskundeak eta Hego Euskal Herrian aldiz, Espainiar Estatuko Senatu eta Kongresurakoak.

Ipar Euskal Herrian, alderdi abertzaleek gutxieneko programa baten baitan beren indarrak bildu eta herri gisa agertzeko adorea izan dute.

Hego Euskal Herrian herritarren botoak eskuratzeagatik dena da promesa eta hitz politak batzuetan; besteetan irainak eta mehatxuak; azken finean demokraziaren oinarri sendoa izan beharko luketen hauteskundeak, Euskal Herrian berriro ere, ezinbesteko eskubide baten urraketa gordinaren isla besterik ez dira bihurtu. Ez dago aukera berdintasunik eta okerragoa dena, demokraziaren izenean horrelako zapalketa bat onartzen da. Milaka eta milaka euskal herritar geratu dira hautatzeko aukerarik gabe eta hautatuak izateko eskubiderik gabe.

Beraz demokraziaren ezinbesteko zutabearekin hau gertatzen bada, nola sinistu behar dugu hauteskundeetako izaera demokratikoan? Akaso gure herrian, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak existitzen al dira? Aski da! ez dugu onartzen demokraziaren izenean egindako eskubide urraketa gehiago, ordua iritsi da agortua dagoen markoari behin betiko ateak itxi eta Euskal Herria aintzat hartuko duen marko demokratiko berri bat eraikitzen hasteko. Euskal herritar guztion egin beharra da, ordua da, dugun heldutasun demokratikoa abian jarri eta gure herriaren etorkizun lantzen hasteko, inoren injerentziarik onartu gabe.

Datorren martxoak 9an, euskal herritarrek egiten duten hautua eginda ere, euskal herritar gisa EHNArekin agertzeko deia luzatzen diegu.

Bai Euskal Herriari
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun