"Etorkinak eta aisialdia" eta "Mundua jolasean" izeneko ikastaroak antolatuko ditu aisialdi begiraleentzako Getxoko
Bizarra Lepoan euskara elkarteak. Mintegi biak egun berean burutuko dira, datorren apirilaren 5ean, bi ikastaroak uztartuko dituen egun osoko formazio saioaren barnean. Goizane Miruri euskara elkarteko dinamizatzaileak jakinarazi duenez, mintegien asmoa interkulturalitatea lantzea da eta, bide batez, aisialdia, euskararen erabilpena eta gaztetxoen kultur ondarea uztartzea da, euskararen lurraldera heldu berriak diren ume zein dagoeneko euskaldun diren haurren artean. Ikastaroak Urtxintxa aisialdi eskolak gidatuko ditu eta 15 lagunentzako tokia egongo da. Ikastaro hauek egingo duten begiraleak Bapiruke eta Bapikasi aisialdi proiektuetarako lan-poltsan sartuko ditu Bizarra Lepoanek, eta lehentasuna izango dute begirale lanetan. Ikastaroaren matrikulak 20 euro balio izango du, bazkaria barne. Matrikulatzeko epea irekita egongo da tokiak amaitu arte. Argibide gehiago eskuratzeko Bizarra Lepoan euskara elkartearen
bizarralepoan[abildua]euskalnet.net posta elektronikoa zein 944 914 357 telefonoaren bidez egin daiteke. Argazkian, Bapirukeko hainbat ume San Fermin egunean, 2006an Lamiakoko eskolan egindako udalekuan.