Ehun emakume baino gehiago elkartu da eguerdian Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 6a, 17:09
Eneko Arruebarrena alkatea lagun zutela, ehun emakumek baino gehiagok egin dute elkarretaratzea, eguerdiko 13:30ean, Leioako Boulevardean, euren eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Andrak elkarteak deituta, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute horrela emakumezko leioaztarrek. Gaurkoa, baina, larunbatera bitartean Uribe Kosta eskualdean eta Erandion egingo diren mobilizazioen hasiera besterik ez da. Besteak beste, etzirako, kontzentrazioa deitu du 12:00etan Erandioko Emakumeen elkarte Soziokulturalak. Lehenik eta behin, Irailaren 23a plazan (udaletxe aurrean) elkartuko dira eta, jarraian, metro geltoki parean. Algortan, berriz, 20:00etan abiatuko da manifestazioa Telletxe plazatik, Emakumeen Mundu Martxarako plataformak deituta. Bitartean, biharko, deialdi bikoitza egin dute Leioa eta Erandioko campuserako Ikasle Abertzaleek: 8:30ean Zubi Zuri azpian eta 11:30ean autobus geltokian batuko dira, "Bai! Hezkuntza sistema irauli eta patriarkatua suntsitu" lelopean. Algortan, berriz, ohiko hormairudia egingo dute San Nikolas plazan, 10:00etatik aurrera; eta geroago, 12:30ean Emakumeen Elkarteen eta Erakundeen Adierazpena irakurriko dute. Argazkian, emakumeek Leioan egindako iazko elkarretaratzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun