Propaganda banaketa, kotxe karabanak, ekitaldi politikoak... horrenbestez, ostiralarekin helduko zaio azken eguna martxoaren 9ko Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetako kanpainari. Azken 24 orduak, beraz, alderdiek euren jarraitzaileei zer egin behar duten gogora diezaieten eta ezbaikor daudenak konbentzi ditzaten. Horren ostean, hausnarketa eguna izango dute larunbatean herritarrek, biharamunean bozkatzera joan ala ez erabakitzeko. Baina, alderdi gehienek Bilbo aldera joatea erabaki dutela kontuan hartuta, ezker abertzalea eta
Eusko Alkartasuna dira Uribe Kosta eskualdean eta Erandion ekitaldiak deitu dituzten bakarrak. Batetik, Algortako Telletxe plazan egingo du hauteskunde kanpainako bukaera jaia EAk, 19:00etan, euskal sozialdemokraten iturrien arabera, Martin Aranburu bertan izango dela. Bestalde,
"Euskal Herriak independentzia. Abstentzioa!" lelopean, ekitaldiak egongo dira iluntzean Algortan, Astrabuduan, Itzubaltzeta / Romon eta Leioan. Plentziako abertzale eta ezkertiarrek, berriz, hauteskunde egunerako deitu dute enkartelada, 12:00etan, Jai Alai pilotaleku aurrean. Argazkian, otsailaren 28an Sopelan egindako
abstentzioaren aldeko mitina, orain
sarean ere ikusgai.