Getxoko Udaleko Ingurumen Saila "udalerri mailan aitzindariak" diren neurriak hartzen dabil, galbidean dagoen apo lasterkaria babesteko asmoz. Euskal kostaldean, Getxoko Gorrondatxe hondartzan eta Pasaiako Txingudi badian (Gipuzkoa) bakarrik aurki daitekeen animalia babestea Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura bada ere, "espezie horren etorkizunaz kezkatuta, orain bi urte hasi ginen apo lasterkariaren egoera aztertzen, baita horren ugalketa ahalbidetzeko ekintza batzuk abiatzen ere”, azaldu du gaurko prentsaurrekoan Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak. Apo lasterkari gutxi dago Kantauriko kostaldean. Begi nini horizontala, marra horia gorputzean eta itxura zimurtsua ditu. Inguru hareatsuan bizi ohi da, gauez ateratzen da bakarrik eta, egunean zehar, harrien azpian izkutatzen da. Ugalketarako, berriz, urmaelak behar ditu. Argazkian, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotzia, Josu Ateka udal teknikaria alboan eta, atzean, apo lasterkariaren irudia duela.