Eguerdian 250 bat ikasle, irakasle eta unibertsitateko langilek egin dute martxoaren 9ko Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeei "boikota egin" eta "abstentzio aktiboa" praktikara eramateko deia, Leioa eta Erandioko campusean. Iluntzean, berriz, tokian tokiko herritarrek eduki dute horretarako aukera. Horrenbestez, 18:00etan Leioako osasun etxeko atzeko parking-etik abiatu den auto karabanari jarraipena emanez, Algortako Telletxe plazan 50 lagun eta Itzubaltzeta / Romoko Xake plazaren ikurrinpean beste 20 bat abertzale eta ezkertiar elkartu dira 19:30ean. Azkenik, Piruli plazatxoan 23 plentziarrek egin dute kontzentrazioa, ordu erdi beranduago, “Euskal Herriak independentzia. Abstentzioa!” lelopean. Bihar ere mobilizazio ugari izango dira. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko elkarretaratzea.