Ipuin ustelen sasoia da hauteskunde garaia. Hauteskundeak demokraziaren oinarria ei dira, baina baita demokrazian sakontzeko traba handiena ere. Kaka bera saltzen dute estatuko alderdi nagusi biek. Zelofan urdin edo gorria aukeratzea da herritarren zeregina. Izquierda Hundida-k identitate gatazkan dauden lekuan baino ez dauka indarrik. Normalizazio politiko ezaren alaba da.
EAJ, EA, Aralar eta NaBaik, askatasunik ezaren etekin ekonomikoetatik bizi direnek, orain arte inoiz lortu ez dutena lortu behar dute oraingoan. Euskal Herrira demokrazia ekartzea. Dardarka hasten naiz aurrekontuen truke ekarri ohi dituzten aurrerapenetan pentsatuta. Agian legealdi honetan Urdaibai asfaltatu nahiko dute, AHTk desbideratuko ez dituen kamioiak aparkatzeko.
Ondo pasa ezazue espainiar demokraziaren jaian parte hartzera zoazten euskaldunok. Niretzat, AEBetakoetan bozkatzeak zentzu gehiago leukake. Hango erabakiek bai eragiten digutela.
Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua