Aterpek jorratzen dituen gaien artean daude etxebizitza, formakuntza edota lanbide kontuak, aisialdirako aukerak osatzeaz gain. Azken arlo horretan gehiago eragiteko asmoz, Aterpek hainbat ekintza antolatzen ditu herriko gazteentzat, hauen artean, Pop-Rock lehiaketa famatua, gazte margolarien lehiaketa, Euskal Herrian zehar izaten diren euskal jaietara joateko bidaiak, eski bidaiak, orientazio hitzaldiak, ikastaro desberdinak –argazkilaritza digitala, txalaparta, alboka, gomaespuma, zirku teknikak, lehen sorospenak, perkutsioa, txotxongiloak, ipuin kontalariak, barreterapia edota bolondres ekintzetarakoak–.
Aterpek zerbitzua eman dien erabiltzaile gehienak Kultur Leioako bulegoan egin dituzte gestioak, baina nabaria izan da posta elektronikoaren bitartez bidalitako galderen igoera.
2007an izandako nobedaderik garrantzitsuenak Leihosex sexuari buruzko aholkuaritza zerbitzu berria eta Gabonetako Gaztegunea izan dira, Aterpeko teknikarien aburuz. Gabonetan hainbat ekintza burutu ziren, horien artean wii txapelketa edota stop motion tailerrak. Oso harrera ona izan duten ekimenak izan dira azken horiek.